Erroldaren erreforma babesteko eskatu die PPk EAJri eta PSOEri

«Atzerriratuen» boto eskubidea ETAren biktimei eman beharreko ordainarekin eta justiziarekin lotu du Iñaki OiarzabalekSozialistek ez dute egoki ikusten Eusko Legebiltzarreko bozen aurretik aldatzea

jokin sagarzazu
2012ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Iñaki Oiarzabal EAEko PPko idazkari nagusiak EAJri eta PSOEri eskatu die Hego Euskal Herriko hautesle errolda erreformatzeko egitasmoa babesteko. Oiarzabalek argudiatu duenez, egitasmo horren xedea ez da hauteskundeak baldintzatzea, jeltzaleek salatu moduan. Adierazi du «atzerriratuen» boto eskubidea bermatzea alderdi politikoek ETAren biktimekin duten «betebehar etiko bat» dela, eta egitasmoa lotu du biktima horiei eman beharreko ordainarekin eta justiziarekin. «Ez nuke ulertuko sozialistek nahi ez izatea ETAk eragindako mina konpontzea. Denon artean egin behar dugu bide hau, eta PSE-EEri eta EAJri arduraz jokatzeko eskatzen diegu», esan du Oiarzabalek, Eusko Legebiltzarrean eginiko prentsaurreko batean.

ETAren jarduna dela-eta Euskal Herritik joan omen diren herritarrek botoa ematea nahi du Espainiako Gobernuak. Hori hala, hauteskunde zuzenbideko hainbat aditu bildu ditu, hauteskunde legea aldatzeko zer aukera dagoen aztertzeko. PPren asmoa litzateke Espainiako Konstituzioa aldatu gabe egitea erreforma. Horretarako, nahikoa luke Espainiako Gorteetan duen gehiengo osoa baliatzea. Gaiaren garrantziaz ohartuta, baina, oposizioaren alderdi nagusiaren babesanahi du gobernuak. Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak herenegun eginiko agerraldian nabarmendu zuen Alderdien Legea onartzeko orduan PPk eta PSOEk bat egin zutela. Bat egite horrek «zabalagoa» izan behar duela uste du Oiarzabalek. «Adituek proposatu behar dute guztiok onar dezakegun zerbait».

EAJk jada adierazi du ez duela egitasmoa onartuko, eta zalantzan jarri du PPren xedea. Uste du erroldaren erreformak Alderdien Legearen antzeko helburua duela: Hego Euskal Herriko mapa politikoa baldintzatzea. Iñigo Urkullu EBBko presidentearen arabera, «beste iruzur baten aurrean egon gaitezke».

Sozialistak, berriz, ez dira ez alde ez aurka agertu. Egitasmoa aurkeztu zutenean, PPren «hauteskunde interesekin» lotu zuen Rodolfo Ares Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak. Egunak aurrera egin ahala, hasierako kritikak apaldu ditu, eta ohartarazi du gisa horretako erreforma bat egiteak «arazo juridiko eta politiko asko» eragin ditzakeela.

Atzo, PSOEren zuzendaritza mintzatu zen aurreneko aldiz. Oscar Lopez Antolakuntza idazkariak esan zuen errolda aldatzea «oso konplexua» dela eta «tentu handiz» aztertu behar dela. Hori hala, nabarmendu zuen alderdi sozialistak ez duela egoki ikusten Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen aurretik egitea.

Yolanda Barcina Nafarroako lehendakariak (UPN), aldiz, «babes osoa» eman dio Espainiako Gobernuaren egitasmoari.

Proposamen polemikoa

Espainiako Gobernuak gaia aztertzeko bultzatu duen biltzarraren lehen bileran, Fabio Pasqua juristak proposatu du boto eskubidea inoiz Hego Euskal Herrian bizi izan den orori zabaltzea, Euskal Herria ETAk eraginda nork utzi duen zehazteak duen zailtasuna dela-eta. Pasquak uste du Hegoaldean bizi izandako denbora zehaztu beharko dela boto eskubidea emateko. Ondoren, baldintza hori betetzen duen orok hiru eta sei hilabete arteko epea izango luke Hegoaldeko erroldetan izena emateko, behin betiko. Biltzarrean parte hartzen ari diren hogei adituek txalotu egin dute proposamena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.