Eusko Legebiltzarrak eta Eusko Jaurlaritzak hiru azterketa egin dituzte motibazio politikoak eragindako giza eskubideen urraketen biktimen gainean. Hirugarrena oraintxe bertan aurkeztu dute. Aurreko biak, berriz, 2000ko azarokoa eta 2008ko ekainekoa dira. 2008koa Eusko Jaurlaritzako Justizia Saileko Giza Eskubideen zuzendari Jon-Mirena Landak egin zuen, eta orduan izan zen zalaparta. Eusko Jaurlaritzako biktimen arretarako bulegoko zuzendari Maixabel Lasak «orduz kanpoko interferentzia zakartzat» jo zuen txosten hori, eta ez zuela babesten esan zuen, ez ei zuelako «Jaurlaritzaren abalik». Ordurako, ordea, bazuen onespen hori. Javier Balzak ere presio egin zuen argitara ez zedin, Ertzaintzaren urraketak ere biltzen zituelako; jendaurrean, ordea, ez zion aurre egin. Testuinguru horrek lagun lezake duela bi urteko eta oraingo txostenen artean dauden aldeak ulertzen.
Erakundeek ahaztuta eduki dituzten Estatuaren biktima horiek ezagutzeko eta erreparatzeko ekimenen abiapuntutik beretik ikusten da aldea. 2008ko txostenak, esaterako, «sufrimenduaren berdintze moralean» jartzen zuen garrantzia. Aurtengoak, aldiz, biktimen arteko bereizketa ezartzen du: «[...]Kategoria horietako biktimak aitortzeko betebehar moral eta legala dute, betiere, nahastu gabe baina ezta ahaztu gabe ere, eta uneoro talde bakoitzaren berezitasunak kontuan hartu eta errespetatuta, oso egoera desberdinak parekatu gabe. Aitorpen hori giza eskubideen urraketak badirelako kontsideraziotik abiatuta egiten da, eta erabat baztertzen dugu errealitate hori gatazka politiko batek eragindako bi indarkeriaren arteko borroka gisa aurkeztu nahi duen azterketa».
Estatuak eragindako biktimak identifikatzeko ahaleginean aldea handia da. Lehenbiziko bietan ahalegina egiteaz gain amaitu gabeko zerrenda bana aurkeztu zuten, eta osatu egin behar zela azpimarratzen zuten. Atzo aurkeztutakoak, aldiz, ez du errolda egiteko beharrik aurreikusi.
Maixabel Lasaren bulegoaren txostenak honela justifikatzen du gabezia hori: «Begi bistakoa da ez dela mintzagai ditugun giza eskubideak urratu zaizkien kaltetuen inolako erroldarik behar, kalte horien ordainak zein diren zehazteko; kontrakoa esango genuke, alegia, neurri horiek onartu ostean, kaltetutako pertsonak izan beharko dira kasuan kasuko espedientea izapidetzen hasiko direnak, formalki biktima gisa aitor ditzaten, hain zuzen ere horretarako eskatzen diren baldintzak betetzen dituztela behar bezala egiaztatu ostean». Gainera, txostenean bertan kasuen zerrenda bat jasotzea, «arriskutsua» izango litzatekeela ere badio, kasuan kasuko identifikazio eta guzti.
Erroldarik egin ez arren, grafiko bat erakusten du txostenak: 1968tik 2010era bitartean egin diren «eskubide-urratzeen konparaketa, urteka». Grafikoa egiteko 2008ko txostenera jo du. Halaxe dio txostenak berak: «Nahiz eta kopuru zehatzetan aldaketaren bat egon daitekeen, hainbat iturriren bidez egiaztatu ahal izan den errealitatearen berri ematen dute». Baina grafiko horietan datu bat falta da, txostenean bertan esaten dutenez: «Garrantzitsua da argitzea ez direla tortura-salaketak kontuan hartu».
ETAren «jarraibideak»
Horixe da, hain zuzen ere, aurreko bi txostenetatik aldentzen duen beste desberdintasun garrantzitsuetako bat, tortureiematen dien trataera.
2008ko txostenean, adibidez, honela zioen: «[...] Torturen edo tratu txarren biktima izan direla dioen jende kopuru handia dago. Horrek berak erakusten du indarkeria mota honek gizartean duen eragina». Egungo txostenean, berriz, justizia auzitegietan tratu txarren edo torturen salaketak egiten direnean, horiek ikertzeko ahalegina «handiagotu» egin behar dela dio, eta eransten du kontuan izan behar dela tortura salaketak izan diren kasu askotan, «ikerketak aurrera eramateko prozesuetan hutsuneak edo gabeziak izan direnez», ezin izan direla kasuak «behar besteko sakontasunez aztertu». 2008ko txostenak hori ere bazioen, baina tortura salaketak behar bezala ez ikertu izana deitoratuz, eta torturak jarrai dezan horixe bera arrazoi nagusietako bat dela zioen.
Oraingoak ez du horrelako baloraziorik egiten, eta segidan aipatzen du hau: «Torturaren arazora behar bezala hurbiltzeko kalte egiten duen osagaia den neurrian, beste modu batean hartu behar da kontuan ETAk eta bere inguruak erabilitako jarraibidea, kideren bat atxilotzean sistematikoki torturak salatzekoa». 2008koak auzitan jartzen zuen oraingoak aipatutako «ETAk eta bere inguruak erabilitako jarraibidea». Batetik, zioen ETAko kideen tortura salaketak ez direla ohikoak atxiloketekin alderatuta. Bestetik, nabarmentzen zuen ETAko kideek ez dituztela torturak salatzen Frantzian atxilotzen dituztenean. Gainera, zioen kargurik gabe aske utzi dituzten askok salatu dituztela atxiloaldian jasandako torturak. Bi egitate horiek bertsio ofiziala apurtzen dutela zioen informeak.
Ezin aipatu gabe utzi nazioarteko erakundeen informeei buruz bi txostenok egiten duten interpretazioa, bi urteko aldearekin argitaratuta daudenez.
2008koak Nazio Batuen Erakundea, Amnesty International eta Torturaren Prebentziorako Europako Batzordea aipatzen ditu, Espainiako Estatua tortura eragozteko neurrietan urri dabilela diotelako.
Atzo aurkeztutako informeak, aldiz, hauxe dio: «Egia da giza eskubideak babesteko nazioarteko erakundeek idatzitako txostenetan erakutsi dutela Espainiako Estatuak zer-nolako ahaleginak egin dituen, bereziki demokrazia ezarri eta gutxika-gutxika sendotzen joan den neurrian, terrorismoaren aurkako borrokagatik hartutako politika eta neurrien ondorioz giza eskubideen errespetua zalantzan ez jartzeko. Horren erakusle dira, berriki, torturaren aurkako kontalari bereziak 2003an egindako bisitaren txostenak, eta terrorismoaren aurkako borrokan giza eskubideak eta oinarrizko askatasunak sustatu eta babesteari buruzko kontalari bereziak bost urte geroago, 2008an, egindako bisita».
MOTIBAZIO POLITIKOAK ERAGINDAKO BIKTIMAK. EUSKAL MEMORIA FUNDAZIOAREN IKERKETA
Erroldarik ez; tortura?
Aurreko txostenek motibazio politikoak eragindako biktimen zerrenda ahalik eta osoena egitea gomendatzen zuten, eta nabarmentzen zuten tortura salaketen ikerketan sakondu egin behar zela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu