2002. urtean autobus bat erre izana egotzita epaitu nahi du Espainiako Auzitegi Nazionalak, eta horregatik eskatu zion Italiari euskal herritarra entregatzeko. Eskaera hori dela eta, gazteak ia zazpi hilabete darama Erromako etxean preso.
Erromako Auzitegiak Espainiaren eskaera atzera botako zuen esperantza zuen Fernandezek, hein handi batean, Erroman sortu den elkartasun sareak egindako lanagatik. «Nire aurka egin duten azpilana agerian uztea lortu dugu jendearen laguntzarekin», adierazi zion BERRIAri, iragan urtarrilaren 7an, bere aurkako epaiketa egin bezperan.
Babes horren adibide da Italiako hogei senatari, parlamentari, legelari eta irakaslek estradizio prozesua eteteko eskatu ziotela Italiako Justizia ministroari. Idatzi baten bidez ohartarazi zuten Fernandezi egozten dioten delituak torturan duela jatorria. Fernandezen lagun batek, inkomunikatuta atxilotuta zeukatela, errudun jo zuen herrikidea. NBEko Torturaren Aurkako behatzaile bereziak bere txostenean jaso zuen kasua, 2005ean. Tortura salaketa horrek, berez, estradizio eskaera bertan behera utzi behar lukeela zioten legelariek.
Espainiaren esku uzten badute gaztea Auzitegi Nazionalean epaituko dutela ere ohartarazi zuten: «Europako ordenamendu juridikoan salbuespenezko instituzioa da». Bestalde, bilbotarrari egozten dioten delitua 2002koa izanik, preskribituta egon beharko luke Italiako legedian.
Betetako mehatxua
Fernandezek argi dauka bere aurkako akusazioaren eta estradizio eskaeraren zergatia. «Espetxetik atera eta urtebetera, 2009an, Bilbon bahitu ninduten, Poliziari laguntzeko eskatu zidaten; bestela, hamar urterako espetxeratuko nindutela mehatxu egin zidaten; mehatxu hori bete egin da». Zenbait hilabetetan poliziak jazartzen ari zitzaizkiola salatu zuen jendaurrean; mehatxatu, bahitu eta jo egin zutela. Handik gutxira, 2009ko ekainean, kale eraso batean parte hartu izana egotzita atxilotu zuten. Hamabost egun espetxean egon, eta 40.000 euroko bermea ordainduta askatu zuten. 2010ean, kontrol batean gelditu eta, hiru urteko espetxe zigorra jarri zioten, presoen aldeko elkartasun errifak saltzea egotzita. Auzitegi Gorenak absolbitu egin zuen gero. Orain, 2009an egin zioten akusazioagatik epaitzeko eskatu du estradizioa Auzitegi Nazionalak.