Nafarroako Gobernuak baiezkoa eman dio. Herrialde horretako aldizkari ofizilean argitaratu dute Mendiaundia eremuan indusketak egiteko baimena ematen duen erabakia. Silice Navarra enpresak silizea ustiatzeko proiektua jarri nahi du martxan eremu horretan. Lehen urratsa da Erron eta Aurizberrin (Nafarroa) indusketak egitea, eta horretarako bidea eman du gobernuaren oraingo erabakiak. Baimen horrek hainbat baldintza ditu, helburu baitu, gobernuaren arabera, silizea ote dagoen ziurtatzea, eta haren kalitatearen berri jasotzea.
Silices Navarra enpresak duela lauzpabost urte aurkeztu zuen Mendiaundia eremuan harrobia egiteko lehen proiektua, baina Nafarroako Gobernuak atzera bota zuen. Magnesitas de Navarrak Zilbetin harrobia egiteko duen proiektuak biziberritu ditu Silices Navarra enpresaren asmoak. Eta gobenuak, oraingoan, aurrera egiteko aukera eman dio. Bi enpresen egitasmoek Aldude mendia ukitzen dute, eta hori, hain zuzen ere, zaintza bereziko gunea da. Zilbetiko proiektua epaileen esku dago, ekologistek kontra egindako lanaren ondorioz. Aurizberrin eta inguruko herrietan ere sortu da silizea ustiatu nahi duen proiektuaren aurkako plataforma.