Erronka berrientzat betiko baliabideak

Hego Euskal Herriak bere BPGaren %3,6 bideratzen du hezkuntzara. Hain zuzen ere, Europako azken postuetan dago, sindikatuen arabera.

IñAKI PETXARROMAN AITOR RENTERIA
2007ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Hezkuntza publikoak «behar eta defizit handiak» dituela uste dute sindikatuek. Administrazioaren arabera, ordea, egoera «hobe daiteke», baina ez da horren txarra.

Esaterako, Euskal Herrian hezkuntzara bideratzen den aurrekontua «txikia» dela salatu dute sindikatuek. EILASen arabera, Jaurlaritzaren aurtengo aurrekontuaren Barne Produktu Gordinaren (BPG) %3,8 bideratu dute hezkuntzara. Nafarroan, berriz, %3,3a baino ez.

Jon Urrusolo LABeko Hezkuntza arduradunak esan duenez, diru eta baliabide eskasiak «baldintzatzen» du irakaskuntza publikoa: «Hego Euskal Herrian Europa mailan BPGtik bideratzen den dirutik hiru puntura gaude. Irakaskuntza publikoaz ari bagara, hori baldintzatzailea da. Gaur egun gizartea aldatzen ari den neurrian, eskolari erronka eta lan berriak ematen zaizkio. Eta, eskolak ezin die lan berri horiei ongi erantzun baliabideetan eta materialetan inbertsiorik ez badago». Izan ere, gogoratu du, Administrazioak sarri Europa aipatzen badu ere, urrutitxo dagoela Euskal Herria Alemania, Suedia edo Norvegiatik. «Europa aipatzen dute sarritan ispilu moduan, eta gizarte horietan %6tik gora bideratzen da BPGtik hezkuntzara, eta hemen %3,6 inguruan gabiltza. Beraz, emaitzak ezin dira parekoak izan».

Eusko Jaurlaritzako Berrikuntza Pedagogikoko zuzendari Juanjo Agirrezabala ez dator bat. «Espainiako Hezkuntza Ministerioaren arabera, guk dugu erkidego autonomo guztietako gasturik handiena ikasleko. Ratioak kontuan hartzen baditugu ere, ondoen gaudenetakoak gara».

Gainera, BPGaren datuak «tentuz» erabili behar direla gogoratu du, interpretazio ezberdin asko izan daitezkeelako; eta, gaineratu du, ez datozela bat Eustatek eman izan dituen datuekin. Eustaten arabera, esaterako,2001ean BPGaren %5a bideratu zuen hezkuntzara Euskal Autonomia Erkidegoak.

Agirrezabalak gogoratu du Europak ezartzen dituen kalitate irizpideak betetzen direla Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian. Hala, aipatu du eskolatze tasa %100ekoa dela, eskola uzten dutenen kopurua «oso txikia» dela, eta ikasleen %87k lortzen dutela Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan graduatzea. Europako Batasunean %86k lortzen dute.

Ez du uste ikastetxeek «baliabide gutxi» dituztenik. «Egia da, hezkuntza sistemari gero eta eskari gehiago datozkio, eta behar berriak ditu. Horregatik, Hezkuntza Sailak jarri ditu negoziazioaren mahai gainean eskaera horiei erantzuna emateko baliabideak». Besteak beste, irakasle gehiago, edota baliabide berriak informazio eta teknologia berrien alorrean. «Aldi berean, aniztasunari erantzuteko programak eskaini ditugu, kontzienteak garelako gizartetik eskaera berriak iristen ari direla».

Manolo Urroz EILASko Nafarroako arduradunak bereziki gaitzetsi du Nafarroako Gobernuaren jarrera: «Hezkuntzara bideratzen den dirua ez da nahikoa. Zentro kontzertatuei ematen zaien dirutza izugarria da, kontuan hartuz zer etekin ateratzen zaien. Sistema publikoko zentroetara, aldiz, ez doa behar adinako diru. Hor administrazioak ardura zuzena du».

Egun, Nafarroako Gobernuak hezkuntzara bideratzen duen 559,4 milioi euroko aurrekontuaren %25a ikastetxe pribatuak laguntzeko erabiltzen da, eta gainerako %75a sare publikoa finantzatzeko. Sindikatuen ustez, Gobernuak «faboritismoz» jokatzendu sare pribatuarekin. «Nahiz eta publikoki ezin duten esan, bistan da hala dela. Jakina, ideologian haiekin bat datozenak laguntzen dituzte, zeren ez dute berdin jokatzen zentro erlijiosoekin eta ikastolekin, esaterako».



IMMIGRAZIOA. Urrozen irudiko «bigarren mailakotzat» jotzendu Nafarroako Gobernuak hezkuntza sare publikoa: «Ikasleriaren gorakada handia ari da gertatzen immigrazioaren fenomenoaren ondorioz, eta, hor premia berriak sortu dira ikastetxeetan. Bada, zailtasun handiak ditugu Administrazioak bere ardurak har ditzan. Ikastetxe kontzertatuek, enpresa helburua dutenez, ez diote egoera horri behar bezala heltzen». Egun, Nafarroako lehen hezkuntzako ikasleen%10 inguru etorkinen seme-alabak dira, eta Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko %5 inguru. Sindikatuek diote hainbat tokitan «ghettoak» sortzen ari dela, esaterako, Iruñeko eta Gasteizko auzo zenbaitetan. Urrozek aipatu du Iruñeko Sanduzelaiko ikastetxe publikoan erdiak baino gehiago direla, dagoeneko, ikasle horiek. Urrusolok harrera gelak sortzea proposatu du, beste hainbat herrialdetan abian jarri dituzten ereduetan oinarrituta. «Ez dugu esaten toki guztietarako eredu berek balio dutenik, baina bai esaten dugu ahalik eta lasterren saiatu behar dela etorri berri diren horiek bitartekoak eskuratzen Euskal Herrian ongi txertatzeko».

Arrizabalagak uste du etorkinak integratzeko zeregina eskolarena ez ezik, gizarte osoarena ere badela. Baina onartu du eskolak «zeregin garrantzitsua» duela horretan. Integratzeko modua ere ezbaian dagoela uste du: «Etorkinak gure gizartera egokitu behar dira, baina ez du esan nahi men egin behar dutenik». Ildo horretan, eskola zenbat eta «askotarikoagoa» izan, orduan eta «aberatsagoa» da.

Arrizabalagak uste du ghetto hitza erabiltzea ez dela zuzena. «Eskola kontzentrazioak batzuetan ezin dira saihestu, etorkinak euren artean elkartzeko joera dutelako. Arazoa sortzen da bertako ikasleek alde egiten dutenean ikastetxetik, eta kontzentrazio artifiziala bihurtzen denean». Halako kasuak ere badirela onartu du, eta gaineratu Hezkuntza Saila «ahalegin berezia» egiten ari dela aurre egiteko.

Urrozek uste du ikasle horiek «behar bereziak» dituztela. «Hainbat zentrotan ari dira eskolatzen, baina behar duten autonomia eta hezkuntza proiektua aurrera eramateko Administrazioak ez die bermerik ematen». Egun, Nafarroako ikasle etorkinen %80 sare publikoan dabiltza.

Iruñerrian, esaterako, euskarazko ikasleek ere behar bereziak dituztela uste du Jon Urrusolok, euskalduntze prozesua bermatzeko. Ildo horretan, ikastetxe askotan 25ikasleko gelak dituzte, eta Gobernuak ez du deus egiten bikoizteko. Urroz bat dator: «Hemen ez da kontuanhartu ere egiten, ama hizkuntza gaztelania duten ikasleek euskalduntzeko behar bereziak dituztela. Gobernuak ez du nahi gaia aipatu ere egin».

Urrozek eta Urrosolok salatu dute irakasleen egoera. «Egun ikasleen %30 behin-behinekoak dira EAEn, eta %25 Nafarroan. Langileak egonkortze aldera, planteatzen duten elementu nagusia OPEa da, baina, gure ustez, beste neurri batzuk ere jarri behar dira martxan», adierazi du Urrusolok. «Bestela, beti egongo dira 1.500-2.000 irakasle ez-egonkor».

Agirrezabalaren ustez, OPEa da egonkortasuna bermatzeko «tresnarik onena». Haren helburua da, ezegonkortasun kopurua %8koa besterik ez izatea. Hezkuntza Sailaren ustez, gainera, irakasleen baldintzak «hobe daitezke», baina ez du uste txarrak direnik.



«Europak ezartzen dituen kalitate irizpideakbetetzen ditugu Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian»

juanjo agirrezabala
EAE-ko berrikuntza pedagogikoko zuzendaria
«Europako herrialdeetan %6tik gora bideratzen dute BPGtik; emaitzak ezin dira parekoak izan»

jon urrusolo
lab
«Gobernuaren ideologiarekin bat datozen zentro pribatuak laguntzen dituzte Nafarroan»

manolo urroz
EILAS




Haur gehiago, baliabide gutxiago

Hezkuntza publikoari egindako murrizketak salatzen ari diraIpar Euskal Herrian
aitor renteria

Baiona

Ipar Euskal Herrian 150 eskola publiko daude eta 55 gela edo sekzio elebidunak dituzte. 2007-2008 ikasturterako osatu duten eskola kartak postu murrizketak eraginen ditu 27 eskola publikotan, horietako 25 eredu elebidunekoak. Orotara 17,5 lanpostu kenduko ditu Paueko Akademiak Lapurditik, Nafarroa Beheretik eta Zuberotik. Horietarik 15 frantses irakasleak dira eta 2,5 euskara irakasleak. Aldiz, sei lanpostu gehiago emanen ditu orotara: 3,5 frantses irakasleak izango dira eta 2,5 euskara irakasleak. Emaitza guztiak kontuan harturik, orain artean eredu elebiduna indarrean zeukaten zentroetan ez da aldaketarik izanen euskara irakasleei dagokionez eta 11,5 frantses irakasle galduko ditu eskola publikoak. Azkenik, Paueko Akademiak 2,5 euskara lanpostu emanen ditu eredu elebakarretik elebidunera pasatu nahi duten bost eskolentzako.

Beraz euskararen aldeko hizkuntza politika sustatzeko baliabideak 2,5 irakasletan emendatuko dira heldu den urtean. Iaz frantsesezko 8,5 postu kendu zituzten eta 7 euskara irakasle sortu:

Sindikatuek baliabide murrizketa salatu dute. Frantziako departamenduen arteko orekaren aitzakian, Ipar Euskal Herrian irakasleak kenduko ditu Frantziako Hezkuntzak, nahiz eta haur kopurua emendatu. Frantses eta euskara irakasleen arteko tirabirak ere sortzen dira.

Sindikatuek grebak eta manifestazioak egin dituzte aurten baliabide murrizketa salatzeko. Lanpostuak kentzeaz gain, irakasleei zuzenketa orenak kentzen dizkiete eta kasu anitzetan bi eskolatan aritzera behartu. Eskola berean, irakasleak bi hizkuntzatan aritzera edo bi gai ezberdin ematera behartu nahi dituzte.

Ahalmen urriko haurren integrazioari dagokionez, Frantziako Hezkuntzak eskola bizirako laguntzaile postuen ordez, laguntzaile enpleguak sortu ditu, baldintza prekarioagoan.

Azpiegituretan ere prekarietate handia dago. Lehen mailako eskolen ardura herriena da eta bigarren maila Kontseilu Nagusiarena. Alta, ikastetxe anitz zaharkituak daude eta bai herriek zein Kontseilu Nagusiak, zailtasunak dituzte arraberritze lanei ekiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.