«Erronka gehiago» iristear direla adierazi du ezker abertzaleak

Ez duela frontismorik bultzatuko esan du, eta konponbiderako prozesuak «jabetza partekatua» behar duela

Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2010eko urriaren 5a
00:00
Entzun
Larunbateko manifestazioa «bide onean» eginiko pauso «erabakigarri» bat da ezker abertzalearentzat. Areago, iristear diren beste erronka batzuen «iragarpena» dela dio. Bilbokoak garai politiko berriak duen ahalmenaz jabetu den «herritarren gehiengoa» irudikatu zuela eta, beraz, beste pauso batzuk egiteko aukera emango duela.

Haren ustez, badira aldaketa politikorako apustua egin dutenen aurkako «probokazioaren bidez» konponbiderako saioak presaka eta «desesperazioarekin» egitea nahi dutenak; baina, horren aldean, indarra eta esperantza erakutsi zituen manifestazioak.

«Larunbatean eskubide zibil eta politikoak izan ziren, eta laster erronka gehiago etorriko dira», iragarri du: «Ezker abertzalearen legeztatzea eta euskal presoen kaleratzea ate-joka ari dira». Hurrengo urratsak egiteko, bide beretik jarraitzeko eskatu du.

Ezker abertzaleak ez duela frontismorik sustatuko ziurtatu du. «Konponbiderako prozesuak jabetza partekatua behar du, amaiera partekatua eta guztiona izan dadin. Konponbidea ez da abertzaletasun gehiago edo konstituzionalismo gehiago formuletatik etorriko; ez da inoren kontra eraikitzen, denen parte-hartzearekin baizik».

Antolatzaileak, pozik

Manifestazioaren deitzaileeioso ona iruditu zaie jasotako erantzuna. «Oso plurala eta jendetsua izan zen; eskubideen murrizketari modu zibiko eta baketsuan emandako erantzuna», esan dio BERRIAri Felix Cañadak.

Abokatuaren hitzetan, «herri honetako elkarbizitza hobetzen laguntzeko bilgune plurala» izan nahi zuen protestak, eta hala izan zen. Adierazi EHri hitza eman izana honela azaldu du: «Helburu bat manifestazioen debeku bidegabeak salatzea zen, eta garrantzitsua iruditzen zitzaigun haien aldarriak ezagutzea, debekua zein bidegabea izan zen konturatzeko».

Adierazi EHri hitza eman izana salatu, eta «engainatu» egin dutela esan du EAJk. Cañadaren hitzetan, antolatzaileek nahikoa informazio eman zutela uste zuten; ez zuten inor mindu nahi. Eta aurrerantzean etor litezkeen ekimen partekatuei begira, «bakoitzak bere etxean pedagogia egin dezala» eskatu die alde guztiei; «elkarrekiko jarrerak aldatzeko».

Bestetik, PPk Herrizaingo Sailari manifestazioa ikertzeko eskatu diola eta, ez dutela legez kanpoko ezer egin esan du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.