Soilik oinarrizko ikasketak izanda ikasteari uzten dioten 18 eta 24 urte arteko ikasleak %10 baino gehiago ez izatea. Horixe da Europako Batasuneko 27 herrialdeek datozen hamar urteetarako hezkuntza alorrean izango duten etxeko lan garrantzitsuenetakoa. Helburu hori gurera ekarriz, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan %14,7koa da gehienez DBH izanda adin tarte horretan ikasketak lagatzen dituztenen kopurua; Nafarroan, berriz, %19,2koa. «Beraz, oraindik badute zer egina hezkuntza arduradunek». Hala aitortu du EAEko Irakats Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Zentroko zuzendari Paco Lunak. «Zailtasunak dituzten ikasleek ere sisteman jarraitzea da gakoa. Izan ere, denek izan behar dute bertan jarraitzeko aukera. Modu batera edo bestera, denek dute ikasteko gaitasuna», nabarmendu du EHUko Pedagogia Fakultateko irakasle Jose Francisco Lukasek. Hori lortzeko hiru gako aipatzen dituzte biek: aurrea hartzea, esku hartzea eta neurri osagarriak ugaritzea.
Europan %14,4koa da batez beste DBH eginda ikasketak uzten dituzten ikasleen kopurua. Zortzi herrialdek lortu dute jada Bruselak ezarritako erronka hori: Austriak, Txekiar Errepublikak, Eslovakiak, Esloveniak, Finlandiak, Lituaniak, Luxenburgok eta Poloniak. Daturik okerrenak, berriz, Espainiak, Maltak eta Portugalek dituzte. Haien batez bestekoa %30ekoa baino gehiagokoa da.
Lunak azaldu du hezkuntza eragile nahiz arduradunek gero eta garrantzi handiagoa ematen diotela datu horri. «Lehen errepikatzaile kopuruari baino ez zitzaion erreparatzen. Datu hori esanguratsua da, baina ez horrenbeste. Izan ere, errepikatzaile gutxi izateak ez du bermatzen ondo prestatutako ikasleak izatea». Harago joan behar dela nabarmendu du, eta batxilergoa zenbatek amaitzen duten begiratu, baita zenbatek egiten dituzten goi mailako ikasketak ere. «Azken batean, derrigorrezko ikasketak amaitzean eskola uztea porrotaren azken ondorioa da. Bi kontzeptuak elkarrekin lotuta daude». Lukasek uste du ez dela egokia porrotaz hitz egitea: «Egia da ikasleei helburu batzuk jarri behar zaizkiela, baina horiek betetzen ez dituztenei ere aukera eman behar zaie ikasten jarraitzeko. Denak bat gatoz helburua ikasle horiek sisteman jarraitzea izan behar duela. Izan ere, haiek gaitasuna dute ikasteko».
Baina zergatik izaten da eskola porrota? Zergatik uzten da hezkuntza sistema derrigorrezko ikasketak amaitzean? Arrazoiak askotarikoak izan daitezke, baina Lunak nabarmendu du —Europako Batasunaren txostenean ere hala azaltzen da— hiru zio mota daudela: pertsonalak, hezkuntza sistemari lotutakoak eta sozio-ekonomikoak.
Ezaugarri pertsonalei dagokienez, biek esan dute generoak baduela zeresana. Izan ere, gehiago dira eskola komeni edo behar baino lehenago uzten duten mutilak neskak baino. Europako Batasunean, adibidez, mutilen %16,3k egiten dute hori; nesken artean, berriz, %12,5ek. «Gurean ere antzeko zerbait gertatzen da. Mutilen %19 inguruk uzten dute eskola behar baino arinago, eta nesken %11k», azaldu de Lunak. Horren atzean neskek ikasketei ematen dieten balioa egon daitekeela iritzi dio. «Beti eman izan diote balio handiagoa». Lukasek ere nabarmendu du lan munduak baduela eragina: «Mutilek beti izan dute aukera gehiago ikasi gabe lan egiteko: eraikuntzan, adibidez. Neskek, haatik, lana topatu nahi bazuten gutxieneko prestakuntza bat izan behar zuten kasu gehienetan». Beste arrazoi pertsonal batzuk ere azpimarratu ditu Lunak: «Ikasteko motibazio falta, autoestimu baxua... Eskola porrotean eragin zuzena duten faktoreak dira».
Zerikusia dute, era berean, gurasoek beren seme-alaben inguruan dituzten usteek. «Kasu askotan horiek oso bestelakoak dira hezkuntza sistemak haientzat dituenekin», dio Lunak. Hori «zorionez» aldatzen ari da, baina Lunak salatu du kasu batzuetan gurasoek biderik errazena hartzen dutela. «Oraindik ere entzuten ditugu 'ez badu ikasteko balio, has dadila lanean' eta gisako esaldiak». Lukasek argi du, halere, gurasoek gero eta garbiago dutela seme-alabek hezkuntza sistema ez uztearen garrantzia. «Dena den, horretan indar egiten jarraitu behar da oraindik ere, batik bat maila sozio-ekonomiko eta kultural baxua duten ikasleen gurasoekin».
Biak bat datoz: maila sozio-ekonomiko eta kultural baxua duten ikasleen artean handiagoa da ikasketak behar baino lehenago uzten dituztenen kopurua. «Gurasoen ikasketa mailak ere badu zeresana horretan. Izan ere, gurasoek ikasketa maila baxuak badituzte, arrisku handiagoa dago seme-alabek hezkuntza sistema uzteko». Horren karietara, Finlandiaren adibidea jarri du Lukasek.«PISA azterketan emaitza onentsuenak atera izan dituen herrialdea da, eta ikasleen gurasoen %80k bigarren mailako ikasketak egin dituzte. Espainian kopuru hori ez da %50era iristen».
Sistemaren eragina
Baina ikasleei lotutako arrazoiak ez ezik, biek aitortu dute hezkuntza sistemak berak ere baduela porrot horren errua. Hainbat adituk maiz erabili izan duten esaldi bat ekarri du gogora Lukasek. «XIX. mendeko eskolak ditugu, XX. mendeko irakasleak eta XXI.mendeko ikasleak».
Bien esanetan, hezkuntza sistemari kosta egiten zaio garai berrietara egokitzea. «Eskolak, adibidez, garai batekoak bezalakoak dira: mahaiak, aulkiak, arbela, irakasleak...», dio Lukasek. Hori aldatzeko beharra azpimarratu du. Teknologia berrien aplikazioan ikusten du horretarako bidea. «Ezinbestekoa da, ikasleen egunerokoan erabat txertatuta baitaude». Eskola porrotari edo eskola uzte goiztiarrari aurre egiteko «panazea» ez dela izango aitortzen dute, baina bai elementu garrantzitsu bat. «Ikasys programa aztertzea egokitu zitzaigun, ikastolek landutakoa, eta frogatu genuen ikasle guztientzat akuilua zela teknologia berrien erabilera. Gogotsuago ikasten zuten», dio Lukasek.
Irakasleei dagokienez, azpimarratu du ezinbestekoa dela haien etengabeko prestakuntzan indarrak jartzen jarraitzea. Gogorarazi du garai batean DBHn eskolak emateko nahikoa zela lizentziaduna izatea. «Gero, zorionez, CAP titulua izatea eskatu zen; eta, orain, urtebeteko master bat egin behar da. Hori oso garrantzitsua da, eta irakasleen etengabeko prestakuntza sustatzen jarraitu behar da».
Luna harago doa hezkuntza sistemari buruzko hausnarketa horretan. Hala, nabarmendu du hezkuntza sistema erdi mailako ikasleentzat dagoela prestatuta, eta hortik gorako edo beherako ikasleen beharrei erantzuteko benetako ahaleginak egin behar direla. «Hori dela eta, dituzten ezaugarrien ondorioz, ikasle batzuentzat hezkuntza sistema ez da erakargarria, edo ez dugu asmatzen erakargarria egiten. Erronka handi bat dugu hor».
Hartu beharreko neurriak
Europako Batasunaren txostenaren arabera, prebentzioa da eskola porrotaren inguruan hartu beharreko lehen neurria. Bat datoz horrekin Lukas eta Luna. Prebentzio neurri garrantzitsuenetakoa eskolaratze goiztiarra delairitzi diote: «Zenbat lehenago eskolaratu haurrak, hobe. Errazago hartzen dira eskolako ohiturak». Alde horretatik hemen aparteko arazorik ez dagoela azpimarratu du Lunak. «Zertxobait, agian, gizarte talde baztertuetan. Baina hor ere ari gara urratsak egiten. Gurasoek kontzientzia hartzea oso garrantzitsua da».
Horri lotuta, «erabakigarriak» iruditzen zaizkie Lehen Hezkuntzan har daitezkeen neurriak: «Lehen Hezkuntzan bertan arazoren bat ikusten bada ikasle baten ikasketa prozesuan, zertarako itxaron neurriak hartzeko? DBHn hartzen baditugu, agian, beranduegi izan daiteke. Zenbat eta lehenago hartu, hobe izango da».
Horri lotuta dago Europako Batasunak aipatutako bigarren ardatza: esku hartzea. Behin arazoa atzemanda, neurriak hartu behar dira. Alde horretatik, Lunak azpimarratu du arrakasta handia dutela arazoak dituzten ikasleei ematen zaizkien eskola gehigarriek eta haien ikasketa prozesuan edo curriculumean egiten diren egokitzapenek.
Eskola ez huts egiteko programen garrantzia ere azpimarratu dute: «Ahalegin handia egiten ari da alor horretan. Izan ere, programa horiei esker berehala atzematen dira huts egite kasuak, eta aurre egiten zaie», dio Lunak. Programa eta neurri horien bidez handitu egiten da ikasle horiek hezkuntza sisteman jarraitzeko aukera. «Europak jarritako helburua betetze aldera, ezinbestekoa da programa horien alde egiten jarraitzea».
Hirugarren ardatza jada ikasketak utziak dituzten ikasleei bigarren aukera ematea da. Europako Batasunak berak, hala ere, txostenean aitortzen du emaitza hobeak lortzen direla aurrea hartzeko hasierako neurriekin.
Badira horretara bideratuta dauden zentroak. EAEn, adibidez, Lan Prestakuntzarako Zentroak. «Lan mundura begira gutxieneko prestakuntza bat ematearekin batera, ikasle horiek berriro ikasten hastea da zentro horien xedea».
Helduen hezkuntzarako zentroetan egiten ari diren ahalegina ere goraipatu dute. «Bertan batxilergoa egiteko aukera eskaintzen hasi denetik, asko aldatzen ari dira hara doan ikaslearen ezaugarriak. Jada ez dira soilik adinekoak joaten, baita 16 urterekin ikasketak utzi zituzten 30-40 urteko pertsonak ere, adibidez. Gaur egun lan merkatuan lehiakortasuna gero eta handiagoa da, jendea gero eta gehiago konturatzen baita zein garrantzitsua den ondo prestatua egotea. Krisiaren ondorioz, gainera, handitu egin da hara doazenen kopurua» .
Lanbide Heziketan ere lan handia egiten ari direla gogorarazi du Lukasek. «Zorionez, gaur egun Lanbide Heziketak gero eta ospe handiagoa du. Unibertsitatean beren burua ikusten ez duten askok hautu hori egiten dute, eta ez dute erabakitzen lehen bezala ikasketak uztea». Lanbide Heziketari merezi duen garrantzia emateko egindako ahalegina ere erabakigarria izan dela uste du. Neurri horiek ezarriz gero, helburua lor daitekeela uste dute. «Lor dezakegula uste dut, nahiz eta lan mardula dugun aurretik».
Hezkuntza. Eskola uzte goiztiarra
Erronka, liburu artean jarraitzea
Ikasketak uztea erabakitzen duten ikasleei hezkuntza sisteman jarraitzeko aukerak ematearen alde egin du Europako Batasunak. Euskal Herrian lanean ari dira horretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu