Euskarazko hedabideen agiriak "sektorearen gaur egungo argazki zehatza" aurkezten du eta, horretan oinarrituta, aurrera begirako "erronka nagusiak" proposatzen ditu. Erronka horiek honela laburbildu litezke, hedabideon arabera:
- Negozio eredua eta lan baldintzak. Hedabideek inbertsio handiak egin behar dituzte (eta egiten ari dira); batetik, teknologiak eragindako negozio ereduaren aldaketari aurre egiteko, eta, bestetik, bertan diharduten langileen lan baldintzak hobetze aldera.
- Salmenta, kalitatea eta lehiakortasuna. Atzean ez geratzeko eta bezeroei merezi duten zerbitzua eta produktuak eskaintzeko, euskarazko hedabideek ekoizten dituzten produktuen kalitatea eta kudeaketa ere hobetu behar dute. Gaur egungo produktuak estimatzen badira ere, salmentan eta merkatu mekanismoen ezagutzan asko sakondu behar da.
- Hausnarketa eta ikerketa. Etengabeko berrikuntzaren aroan, ikerketa eta hausnarketa ere ezin ahaztu: euskarazko hedabideak zer diren, zer helburu bete behar duten, nolakoak diren eta izan behar duten, audientziak, kanpoko esperientzietatik ikastea eta, heburuak betetzen doazen heinean, beste hizkuntzetan aplikatzeko moduko esperientzia eta produktuak esportatzea. Hori dena garatzeko, hedabideen behatoki baten beharra aipatzen dute hedabideek.
- Elkarlana. Gaarai zailei bakarka baino taldean hobeto egiten zaie aurre eta alde horretatik badute zer landu hedabideek, beraien artean zein instituzioekin batera. Sektoreko kideek onartzen dute elkarren lehiakide direla hainbat eta hainbat kasutan, baina elkarrekin ere jardun dezaketela guztion onurarako; koopetibitatea landu behar dutela, alegia.
- Erakundeen laguntza politika. Deialdien sistematik hitzarmen ereduetara joatea ezinbesteko ikusten da. Beharrezkoa da erakundeek laguntza politika egokitzea eta sektorearen inbertsioak eta garapena sustatzea.