"Nazio moduan" hazten jarraitu beharra dago, Jaurlaritzako lehendakariaren arabera, "aurrera egiteko". Bakea eta bizikidetza indartu behar direla dio, eta bere gobernuaren lehentasuna enplegua sortzea dela. Horretarako, Gobernuaren "asmo eta erantzukizuna" akordioak lortzea eta aurrera ateratzea dela esan zuen atzo, Urtezaharreko hitzaldian. Akordioak eta elkarlanak "erronka zailak" gainditzeko balioko dutela sinetsita dago.
Beharrezkotzat jo du elkarlana, eta eskuzabaltasunaren alde egin du: "Eskuzabal izan beharko dugu pertsona bezala eta konpromisoak hartu beharko ditugu talde bezala". Elkartasuna da beste gako bat Urkulluren irudiko, eta "egoera zailean" dauden familia eta pertsonak gogoan izan ditu. Haiek dira Jaurlaritza berriaren "lehentasun". Haiei laguntzeko "neurri zehatzak" hartuko dituztela esan du, baina ez du zehaztu zein, hauteskunde kanpainan behin eta berriz esandakoa errepikatu du: "Gerrikoa estutuko dugu. Familietan egiten ari garena egingo dugu Gobernuan".
Aldaketaren ardura gizarte osoarena dela gaineratu du hitzaldian: "Ahalegin honetan denok gara bat. Ekonomia eta gizarte arduradunak. Langileak. Erakundeetako arduradun guztiak. Euskal gizarte osoa, alegia".
Bakea eta bizikidetza lantzeko garaia ere badela dio, eta autogobernua sendotzearen alde lan egingo duela jakinarazi, "erabaki ahalmen handiagoa edukitzeko". Munduan "presentzia gehiago" izan nahi du Jaurlaritzak, "Euskadiren tokia Europan indartuz".