Erronkarin, ikastetxe berriaren zain

Egungo eraikinak 130 urtetik goiti ditu jada; ibarreko haurrekin batera, inguruko Zaragozako (Espainia) hainbat herritako neska-mutilak ere aritzen dira Erronkaribarreko eskola zaharrean.

edurne elizondo
Iruñea
2012ko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
Zerrendan azkenak garen sentipena dugu». Susana Lusarrenak dira hitzak, Erronkariko Julian Gaiarre ikastetxeko zuzendariarenak. 130 urtetik goiti ditu eskolak. Aspaldikoa da Erronkariko Udalaren eta Nafarroako Gobernuaren arteko konpromisoa, ikastetxearentzat egoitza berria eraikitzeko. Baina oraingoz ez da gauzatu. Hitzak ez dira ekintza bilakatu. «Are gutxiago egungo egoera kontuan hartuta. Krisia deus ez egiteko aitzakia bilakatu da».

Hiru eta hamasei urte bitarteko 113 ikasle ditu Erronkariko eskolak. Haur, Lehen eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eskaintzen dute, Erronkariko ibarreko haur eta gazteentzat. Inguruko Zaragozako (Espainia) hainbat herritakoak ere hartzen ditu ikastetxeak. A, G eta D ereduak dituzte.

D eredua 1990eko hamarkadaren hasieran ezarri zuten Erronkarin. Horretarako, garai hartan ibarrean zeuden hiru ikastetxeek bat egin behar izan zuten; Erronkarikoarekin bat egin zuten Uztarrozekoak eta Izabakoak. «Gurasoen gehiengoak egin du D ereduaren alde. Euskaraz ari dira eskolako ikasle gehienak», azaldu du zuzendariak. Izabako eskolak, hala ere, zabalik jarraitu zuen 2007ra arte.

Erronkariko ikastetxean, hain zuzen ere, gehiengoa osatzen dute Izabako ikasleek. Hori dela eta, herri horretan sortu zen mugimendu bat ikastetxe berria herri horretan egitearen alde. «Udalak, hala ere, ez du aukera hori babestu. Erronkarikoak, berriz, bai eta ibarreko batzarrak ere, urratsak egin dituzte eskola berria Erronkarin bertan eraikitzen hasteko». Erronkariko Udalak ikastetxeak hartuko lukeen lur saila prest du jada, adibidez.

Nafarroako Parlamentuaren laguntza ere bilatu dute erakundeok. Hezkuntza Batzordeko kideek bisita egin zuten ikastetxera duela bi urte, eta berriz egon ziren Erronkarin joan den martxoan. «Ditugun beharrak ikusten dituzte, baina proiektuak aurrekontuetan isla izan arte, ezin izanen dugu deus egin», kexatu da Lusar.

Gurasoen ahalegina

Egoera «mingarritzat» jo du Erronkariko eskolako zuzendariak. «Beti bada gure aurretik premia larriagoa duen norbait». Bertzeen premiak ez ditu ukatu nahi izan, baina Pirinioetan bizi diren herritarrek ere ordaintzen dituzten zergen trukean zerbitzuak jasotzeko eskubidea badutela adierazi du.

Hango gurasoek egin behar duten ahalegina nabarmendu du, gainera. «Hamasei urterekin lanbide heziketara edo batxilergora Iruñera joan behar dute gazteek, eta hori oso garestia da familientzat». Egungo murrizketek orain arteko egoera zaildu bertzerik ez dutela egiten erantsi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.