'Cabieces auzia'

"Errugabe" dela berretsi du Kutxabankeko buru ohiak, 'Cabieces auzian' epaiketa egingo dela jakin ostean

Bizkaiko Probintzia Auzitegiak atzera bota ditu inputatuek jarritako helegiteak, eta, beraz, akusatuen aulkian eseri beharko dute Mario Fernandez Kutxabankeko presidente ohiak, Mikel Cabieces Espainiako Gobernuaren ordezkari izandakoak eta Rafael Alkorta abokatuak.

Mario Fernandez Kutxabankeko buru ohia da 'Cabieces auziko' inputatuetako bat. LUIS JAREGIALTZO / ARGAZKI PRESS
2016ko ekainaren 9a
08:53
Entzun

Alferrik izan dira ahalegin guztiak. Bizkaiko Probintzia Auzitegiak ez ditu onartu Mario Fernandez Kutxabankeko presidente ohiak eta Mikel Cabieces Espainiako Gobernuaren ordezkari izandakoak eta Rafael Alkorta abokatuaren helegiteak, eta ahozko epaiketa abiatzea erabaki du. Epailearen iritziz, auzipetuek bestela dioten arren, "badira nahikoa froga" auzipetuen aurka. Epaiaren arabera, Kutxabankek, orduan presidente zen Mario Fernandezen aginduz, "Mikel Cabiecesen zerbitzuak kontratatzen zituen, bankuak ohikoak zituen bideak baztertuz, eta beharrezkoa ez zen arren". Izan ere, Rafael Alkorta abokatuaren bulegoa zen bankuarentzat lan horiek egiten zituena, eta Cabieces ez zen haren bulegoko kide. Beraz, epaileak ondorioztatu du, Fernandez presidente karguaz "baliatu" zela diruaz "era bidegabean jabetzeko". Ondorioz, hiru delitu egozten dizkie akusazioak auzipetuei: dokumentuak faltsutzea, administrazio desleiala egitea eta bidegabeki jabetzea.

Fernandezek gogor egin du epailearen erabakiaren aurka, eta "errugabe" dela berretsi du. Haren esanetan, epaileak ez ditu kontuan hartu instrukzioan jasotako frogak: "Soilik fiskaltzak eta akusazioak aurkeztutako salaketan oinarritu da epailea". Fernandezek nabarmendu du hasierako salaketaren arabera, "egin ez ziren lanengatik" ordaindu zitzaiola Cabiecesi, "baina frogatu genuen hori ez zela hala, eta orain gehiegizko ordainketak egin omen genituelako epaitu nahi gaituzte". Hala, Kutxabankeko presidente ohiak salatu du auzipetuak "babesik gabe" daudela, "izan ere, frogatuta ez dauden gehiegizko ordainketetan oinarritzen da epaia".

Jarduena "irregularrak"

Cabiecesek 243.000 euro modu irregularrean jaso ote zituen ikertzen ari dira auzian. Duela urtebete eztanda egin zuen polemikak, Kutxabankeko zuzendaritzak Mario Fernandezen aurkako salaketa jarri zuenean. Fernandezek erakundea agintzen egon zen garaian jarduera «irregularren» zantzuak topatu zituelako jarri zuen salaketa. Horren arabera, Gregorio Billalabeitiaren lantaldeak 243.592 euroko irregulartasun bat atzeman zuen bankuaren kontuetan; hain justu, Fernandezek erakundean agintzen zuen garaikoa da zuloa, eta ustez lotura zuen Cabiecesen abokatu bulegoarekin zerbitzu juridikoak emateko izenpetutako kontratu batekin. Iazko urtarrilaren 31n, salaketa jakinarazi zen egun berean, Cabiecesek utzi egin zuen PSEko zuzendaritza eta militantzia.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.