Errusia "oso kezkatuta" azaldu da, AEBek esku hartze militar bat egingo ote duten

J. O.
2013ko abuztuaren 26a
12:28
Entzun

Larunbatean, Siriarako "aukera guztiak" azaldu zizkion AEBetako armadak Barack Obama herrialdeko presidenteari, balizko esku hartze baten aurrean zer egin erabakitzeko. "Ondo pentsatuta jardungo dugu. Interes nazionalaren arabera hartuko ditugu erabakiak, eta ondo aztertuko dugu ea Siriarako nahi ditugun helburuak lortzeko balio diguten", jakinarazi zien Etxe Zuriko kargudun batek AEBetako hedabideei. "Gertakariak frogatzen ditugunean, presidenteak erabakiko du nola erantzun".

Esku hartze militar bati ekiteko aukeraren aurrean "oso kezkatuta" azaldu da Errusia. Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak helarazi dio kezka John Kerry AEBetako Estatu idazkariari. Damaskori "presio militarrik" ez egiteko eta "probokazioetan ez erortzeko" eskatu du Lavrovek.

Halaber, esku hartze militar batek ekialde hurbil osoan eta Afrika iparraldean izan ditzakeen "ondorio oso arriskutsuez" ohartarazi dio Lavrovek Kerryri.

François Hollande Frantziako presidenteak, berriz, iragarri du asteon erabakiko dutela Siriako gatazkaren inguruan zer egin. Le Parisien kazetari eginiko adierazpenetan, Hollandek esan du "aukera ugari" dituztela mahai gainean; "nazioarteko zigorrak indartzetik aire bonbaketetara, errebeldeei armak ematetik igaroz".

Turkia, Al-Assaden aurka egiteko prest

NBEren Segurtasun Batzordean akordiorik ez badago ere Siriako Gobernuaren aurkako nazioarteko koalizio batean parte hartuko luke Turkiak, Ahmet Davutoglu Atzerri ministroak adierazi duenez.

"Guk beti ematen diogu lehentasuna nazioarteko komunitatearekin jarduteari, NBEko erabakiekin. Erabaki hori ez bada NBEko Segurtasun Batzordean ematen, beste aukera batzuk leudeke agendan", esan dio Davutogluk Milliyet kazetari. Azaldu duenez, "36 edo 37 herrialde" daude beste aukera horiek eztabaidatzen; "Siriaren aurkako koalizio bat sortzen bada, Turkiak bere lekua beteko luke koalizio horretan", ziurtatu du.

Erresuma Batuak ere ez du oztopotzat jotzen NBEk akordiorik ez lortzea. William Hague Erresuma Batuko Atzerri ministroak adierazi du posible dela iragan asteko eraso kimikoaren froga asko desagertu izana, eta Al-Assaden erregimenari egotzi dio erasoaren erantzukizuna.

"Egiten duguna egiten dugula, nazioarteko zuzenbidearekin bat etorriko da", gaineratu du.

Eraso kimikoak egin direla baieztatuz gero, "ondorioak" egon behar direla uste du Alemaniako Atzerri ministro Guido Westerwellek. "Suntsipen masiboko arma kimikoen erabilera zibilizazioaren aurkako krimena da", esan du. Arma horien erabilera frogatzen bada, nazioarteko komunitateak esku hartzearen alde agertu da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.