Errusiak AEBei eta Erresuma Batuari egotzi die Iraken egun duen egoeraren erantzukizuna. "Erresuma Batuak eta AEBek eurek bultzatutako abenturaren gaineko kontrola galdu dute", kritikatu du Serguei Lavrov Atzerri ministroak.
Moskuko diplomazia buruaren iritziz, Washingtonek eta Londresek Irakeko prozesu politikoei eskainitako "arreta eskasaren ondorio" da egungo "terrorismo neurrigabea".
"Soilik euren interesei eskaini zieten arreta. Badira 11 urte AEBek Iraken demokratizazioa aldarrikatu zutela, baina geroztik egoerak okerrera egin du apurka. Gure aurreikuspenak bete egin dira", nabarmendu du Lavrovek.
Okupazioa Irakeko segurtasun indarrak oraindik prest ez zeudenean amaitu izana ere leporatu dio Moskuk Washingtoni.