«Errusiar erruleta» bukatzea eskatu dute

Zigor Ruiz presoaren amak, arrebak eta lagun batek asteburuan izandako istripua salatu du Etxerat-ek

Oihana Elduaien Uranga.
Azpeitia
2011ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
«Errusiar erruleta maltzur honekin bukatu behar da. Ezin dugu astebururo hiltzeko arriskuarekin bizi». Izaskun Abaigar Etxerat-eko kideak ohartarazi zuen Zigor Ruiz presoaren amak, arrebak eta lagun batek asteburuan istripua izan zutela Herrera de la Manchako espetxera bidean. Aurten gertatu den zortzigarren istripua da. Ondo daudela jakinarazi zuen Abaigarrek, baina autoa «erabat txikituta» gelditu zela.

Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiaren eta Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatearen babesa jaso ondoren egin zituen hitzok, Loiolan bertan. Eskerrak eman zizkien biei, eta «era oso positiboan» baloratu zuten Garitanoren jarrera, ulertzen baitute «demostratu» egin dutela presoen eskubideak «errespetatuak izan daitezen duten borondatea».

Kezkatuta agertu ziren Etxerat-eko kideak: «Espetxe politikak eskubideak urratu eta gure senide eta lagunenak arriskuan jartzen ditu». Hori, gainera, gizartearen gehiengoaren nahiaren kontra egiten dela salatu zuten.

Espetxe politikan «erabateko aldaketa» ezinbestekoa dela diote, eta berehala egin beharreko bi aldaketa zeintzuk diren ere zehaztu zuten. Batetik, gaixo dauden presoak askatzeko eskatu zuten, eta bereziki larri dauden Ibon Iparragirreren eta Txus Martinen egoera konpontzea exijitu zuten. «Preso jarraitzeak haien bizia arrisku larrian jartzen du».

Bestetik, gogora ekarri zuten Espainiako Auzitegi Konstituzionala Parot doktrina gisara ezagutzen den 197/2006 doktrina aztertzen ari dela. Eztabaida horrek ekarri beharreko ondorioa zein den ere argi dauka Etxerat-ek: «Doktrina derogatua izan behar da». 71 euskal presori aplikatu diete dagoeneko doktrina hori, eta «onartezina» iruditzen zaio Etxerat-i. «Ez dago eskubiderik; gure senide eta lagunen kontra errepresio, xantaia eta erabilpenerako politika ankerra erabiltzen dute». Eskaera horiekin, beste batzuekin eta presoen egoeraren analisi osoarekin osatutako txostena eman zieten ordezkari instituzional guztiei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.