Salaketa aurkeztu du emakume batek Irungo komisarian, uztailaren 24an izan zuen eraso batengatik. Gara egunkariari jakinarazi dio erasotzailea ertzain bat izan zela eta ez dakiela zergatik jo zuen.
Joan den ostegunean, uztailak 24, gertatu zen, 07:00etan, Errenteriako Kapitanenea kalean. Emakumeak azaldu duenaren arabera, kale hartan zegoen, taberna baten ondoan, eta bat-batean Ertzaintzaren furgoneta bat agertu zen; ertzain ugari atera ziren handik, aurpegia estalita eta istiluen aurkako jantzi bereziekin, kasko eta guzti.
Ertzainetako batzuk gizonezko batengana hurbildu ziren; emakumeak esan du ez zuela gizona ezagutzen eta harengandik hogei bat metrora zegoela. Emakumea zegoen lekutik jaiki zenean, ertzain batek borraz kolpe bat eman zion ezker izterrean, eta, kolpea saihesteko eskua jarri zuenean, ertzainak hainbat kolpe eman zizkion jarraian, ezker eskuan, eskumuturrean eta besoan.
Emakumeak eskatuta, ertzainak identifikazio kodea eman zion; handik anbulantzian eraman zuten ospitalera, zauriak artatzera.