Atentatua

Ertzain batek lau atzamar galdu ditu atzo Getxon indargabetu zituzten lehergailuak aztertzen ari zela

Bonba baten detonagailuak eztanda egitean zauritu da artezilari espezialista, eta Gurutzetako erietxera eraman dute. Beste ertzain bat ere ospitalera eraman dute, leherketaren zaratak entzumenean mina sortu diolako; eman diote senda-agiria. Iurretako ertzain etxean gertatu da istripua.

2007ko azaroaren 12a
13:54
Entzun
Atzo Getxon (Bizkaia) indargabetutako lehergailuak aztertzen ari zirela zauritu egin da ertzain bat gaur goizean, 10:30ak aldera, Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Saileko iturrien arabera, eta eskuin eskuko lau hatz galdu egin ditu, baita esku bereko hezur batzuk hautsita ere. Besteko hiru atzamar ere zaurituta dauzka. Ebakuntza egingo diote laster Gurutzetako erietxea; hango larrialdi zerbitzuetan ingresatuta dago.

Bonba baten detonagailuak eztanda egitean zauritu da ertzaina; artezilari espezialista da. Iurretako (Bizkaia) ertzain etxean gertatu da istripua, eta aipatutako erietxera eraman dute.

Beste ertzain bat ere eraman dute ospitalera, eztandaren zaratak entzumenean mina sortu diolako. Segituan eman diote senda-agiria, lesiorik ez daukalako.

Getxoko epaitegian bi lehergailu aurkitu zituen atzo Ertzaintzak, bat bost kilokoa eta bestea hirukoa. Goizeko seiak aldera ETAren izenean ari zela esan zuen norbaiten deia jaso zuten Sos Deiak-en. Getxoko epaitegian lehergailua jarri zutela eta ordu erdiren buruan zartatuko zela ohartarazi zuen.

Hara joan, eta motxila baten barruan aurkitu zuten ertzainek lehergailua, bost kilo kloratita. Kendu eta indargabetzea lortu zuten. Handik ordu batzuetara, epaitegiko kamerako bideoak ikusten ari zirela, motxila utzi zuten bi lagunek ondoko zaborrontzi batean zerbait sartzen zutela ikusi zuten. Aztertu eta lehergailua aurkitu zuten han ere, hiru kilo kloratita.

Atzo bildutako material hori aztertzen ari zirela zauritu da ertzaina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.