Lan orduetatik kanpo euskara doan ikasteko aukera emango die Eusko Jaurlaritzak ertzainei, Hizkuntza Politika eta Segurtasun sailek gaur jakitera eman duten hitzarmen bati esker. Segurtasun Sailak deialdiak egingo ditu euskara ikasi nahi duten ertzainek izena eman dezaten, eta oinarrizko baldintzak betetzen dituztenek aukera izango dute euskaltegia eta ordutegia hautatzeko. Matrikularen eta irakaskuntzaren kostua Segurtasun Sailak ordainduko dio HABE Helduen Alfabetatzeko eta Berreuskalduntzeko Erakundeari —Hizkuntza Politika Sailaren menpe dago—, eta HABEk ordainduko die euskaltegiei. Hizkuntza maila guztietan eman ahalko dute izena ertzainek. Ikasturte honetan 200.000 euro bideratuko dituzte egitasmo horretara.
Akordioarekin pozik agertu dira Jaurlaritzako agintariak. Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak adierazi du aurrerapausoak ekarriko dituela, bai euskararen normalizazioan, bai Ertzaintzaren Euskara Planean.