Hondarribiko alardea

Ertzainek kalea itxi diete Jaizkibel konpainiakoei, ibilbide aldaketa bete dezaten

Amaitu du Jaizkibel konpainiak alardea. Ertzaintzak inguratuta parte hartu du, eta protesta adierazteko eserialdia egin dute Kale Nagusian 300 kideek. Martin Garitano ahaldun nagusiak dei egin dio Hondarribiko udal gobernuari konponbidean pausoak emateko  eta Herrizaingo Sailaren jarrera deitoratu du. Laura Gomez Berdinstasun zuzendariak ere konpainia mistoa osatzen duten 300 lagunak txalotu ditu. Irati Elizaldek zuzeneko kontakizuna egin du Berriketan.info euskarazko sare sozialean.

2011ko irailaren 8a
15:06
Entzun

Beste urte batez Hondarribiako Jaizkibel konpainiak ertzainez inguratuta egin du alardea. Eusko Jaurlaritzak aurten konpainia mistoari ezarri dizkion ibilbide eta ordutegi aldaketak ezaugarritu du aurten jaia, eta desadostasuna adierazteko alarde mistoan parte hartu duten 300 lagunek eserialdia egin dute Kale Nagusian alardea hasi eta gutxira, protesta egiteko.

[YouTube]http://youtu.be/rH5jjCGYHEo[/YouTube]

Herrizaingo Sailak "segurtasun arazoak" argudiatu ditu aurten konpainia mistoari beste ibilbide batetik joanarazteko, eta Emakundek argudio horiek onartu egin ditu. Eserialdia amaitutakoan Jaizkibelekoek alardearekin jarraitu dute, baina ertzainek Harresilanda kalea itxi diete ezarritako ibilbidea eginarazteko, eta Alamedatik jarraitu dute alardearekin. Harresilanda kalearen beste aldean ertzain gehiago zeuden.

Hamabost urte dira emakumeak Jaizkibel konpainian parte hartzen hasi zirela, eta gaurkoan ere kalera atera eta berehala euren aurkako oihuak entzun behar izan dituzte, goizean goiz, Jaizkibeleko gizon eta emakumeek. Ez gara zuek ikustera etorri leloa duen pankarta ere zabaldu dute plastiko beltzen atzetik, Kale Nagusian. Eskubide guztiak guztiontzat pankarta ere zabaldu dute alarde mistoarekin aldekoek.

[YouTube]http://youtu.be/80NWJ4be_FA[/YouTube]

08:20 baino pixka bat lehenago hasi du Jaizkibel konpainiak alardea. Armen plazan 300 lagun bildu dira. Irati Elizaldek Berriketan.info euskarazko sare sozialean azaldu duenez, Jaizkibelekoak Aiora Mitxelena kantineraren bila joan direnean, espaloietan zain zituztenen txaloez gain, beste konpainien begiradak ere bildu dituzte.

Kalean desfilatzen hasi direnean, "betiko alardea" oihu artean, ozen entzun da baita "emakumeak alardean" aldarria ere. Udaletxe parean zain zituzten Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Laura Gomez Berdintasun zuzendaria, babesa ematera joandakoak.

"Gonbidapena egin nahi diogu Hondarribiko udal gobernuari hamabost urte ondoren arazo honen konponbiean pausoak emateko, eta deitoratu egin nahi dugu hamabost urte horien ondoren Herrizain Sailaren atzera pausoa. Aurrerapausoak emateko garaia da, jaiak guztioek, gizon eta emakumeek, izan ditzaten", esan du Garitanok.

Aralar, Alternatiba eta Ezker Batuko ordezkariak ere joan dira Jaizkibel konpainiakoei babesa ematera. Iñigo Lamarca arartekoak ere aste honetan babesa adierazi die Jaizkibelekoei. Rodolfo Ares Jaurlaritzako sailburuak, ordea, Lamarca ez dela "aditua" erantzun du.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.