Igandean Villabonan (Gipuzkoa) Manex Castro Zabaleta ustezko etakidea atxilotu eta gero, gaur Ertzaintza Hernanin (Gipuzkoa) beste bi lagun atzematen saiatu da, harekin lotura dutelakoan. Beñat Aginagalde eta Ugaitz Errazkin dira bi horiek, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak jakinarazi duenez, baina ez zeuden etxean. Bien etxebizitzak miatu ditu Ertzaintzak.
Castrok -24 urte- inkomunikatuta segitzen du, ertzainen esku, eta familiak ez du haren berririk. Poliziaren arabera, urtarrilaren 16an Hernanin ustez Ertzaintzaren aurka ETAk egindako atentatu saioarekin zerikusia du hark. ETAk orduan Santa Barbara auzoan telebista hedagailuaren aurka bonba leherrarazi zuen eta han inguruan beste bi lehergailu jarri zituen -ez ziren lehertu-. Polizia iturriek esan zuten Ertzaintzaren aurka jarritako bonba-tranpak zirela.
Polizia autonomikoa Castro zaintzen ari zen azkenaldian eta, beste atentaturen bat egin zezakeelakoan, atzeman egin zuen igandean. Hernanin hark ustez erabiltzen zuen etxe bat miatu zuten ondoren, eta lehergailuak egiteko materiala aurkitu zutela jakinarazi zuten, "ETAk erabiltzen duena".
Ertzaintza bi pertsona atxilotzen saiatu da Hernanin, Manex Castrorekin lotura dutelakoan
Igandean atzeman zuten hura, Villabonan, ETAko kidea dela egotzita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu