Politika

Ertzaintza eta euskal gizarte osoa iraintzea egotzi dio Urkulluk Otegiri, eta honek "egia" aldarrikatu du

Otegik atzo esan zuen guztiek egin behar dutela autokritika, eta Ertzaintzak ere hil duela. Urkullu haserretu egin dute hitzok, eta pauso bat aurrera ematen duen bakoitzean atzera bi ematea egotzi dio ezker abertzaleari. Otegik erantzun egin dio: "Egiarik gabe ez dago errelaturik". Zabala: "Arnaldo, Iñigo... Autrokritika denontzako. Artxiboak desklasifikatuz, ikertzaile zientifikoei dagokie iraganeko kontakizuna, ez politikarioi".

Urkullu, Memoriaren eguneko ekitaldian. RAUL BOGAJO / ARAZKI PRESS
2016ko azaroaren 12a
14:25
Entzun

Memoriaren egunaren harira ohartarazi zuen atzo Arnaldo Otegi EH Bilduko eledun eta Sortuko kideak autokritika ez duela ezker abertzaleak bakarrik egin behar. Zehazki Ertzaintzari buruz esandakoek sutu dute Iñigo Urkullu Jaurlaritzako jarduneko lehendakaria, eta harro agertu da "Ertzaintzak giza eskubideekin agertu duen konpromisoarekin". Facebook-en duen orrian ohar bat plazaratu du, eguerdian. Otegik gauean erantzun egin dio, bere web orrian: "Errelatu bakarraren ideia horrekin ez gaude eta ez gara egongo, lehendakari, herri honekiko daukagun erantzukizunagatik eta bakearekin eta egiarekin zintzoki konprometituta gaudelako". Pili Zabala Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideak mezu bat idatzi du Twitterren: "Arnaldo, Iñigo... Autrokritika denontzako. Artxiboak desklasifikatuz, ikertzaile zientifikoei dagokie iraganeko kontakizuna, ez politikarioi".

ETAk, GALek, BVEk, Espainiako Poliziak edota Guardia Zibilak ez ezik, Otegik Radio Euskadin esan zuen Ertzaintzak ere hil izan dituela herritarrak. Ertzaintza ez ezik, euskal gizarte osoa ere "iraindu" du Otegik hitz horiekin, Urkulluren irudiko. Asaldatuta dagoen seinale, "Lehendakari gisa, irain bezala hartu ditut Otegiren hitzak. Ertzaintza historikoaren eta haren ordezkoaren aurkako irain bat da. Terrorismoaren eta indarkeriaren biktima guztien memoriaren alde bizikitza normalizatua izateko euskal gizarteak emandako pausoen aurkako irain bat da".

Jaurlaritzako jarduneko lehendakariak uste du Otegik propio ahaztu dituela "iraganaren autokritikaz EAJk azaldutako posizionamendu guztiak; konparazio batera, pasa den hamarkadaren erdialdeko Elkarbizitzarako Bake Bideak dokumentua".

Otegiri eskatu dio "politika egitean errealitatean kokatzeko" , eta ohartarazi "onartezinak" direla hark herenegun egindako kritiken modukoak. "Etika eta bizikidetza normalizatuan ezker abertzaleak aurrerapauso bat eman duela dirudienean, atzera beste bi ematen ditu".

Otegi: "Egiarik gabe ez dago errelaturik"

Otegiri Urkulluren artikulua "irainez eta nahita puztutako erreakzioa" iruditu zaio; "ezker abertzalearen aurka behin eta berriro agertu ohi duzun herra edo kalkulu politikoa", EAJren eta EH Bilduren arteko elkarrizketak "lokazteko" asmoz. "Ez dakit honen guztiaren atzean ez ote dagoen asmo argi bat EH Bildurekin akordioak egiteko ezintasuna ezkutatzeko aitzakia bat edota PSErekin egingo den aliantza errazteko modu bat".

Ertzaintzak ere hil egin duela esatea "gezurra" den galdetu du Otegik. "Datu objektiboa eta egiaztagarria baino ez nuen eman Radio Euskadin, baina lehendakariari eskandalagarria iruditu zaio". Ezker abertzaleko eledunak uste du Urkulluk bere kontakizuna onartzeko eskatzen diela, azken batean. Aukera hori baztertzeko erantzun dio Jaurlaritzako lehendakariari. "Argi diot: egiarik gabe ez dago errelaturik. Errelatu inklusiboa eraikitzea da gure helburua, errelatuen, borondateen eta erantzukizun partekatuen batuketa bat. Horren helburua bat eta bakarra da: demokrazian, bakean eta askatasunean oinarritutako etorkizuna eraikitzea".

Otegiren arabera, ezkerreko independentismoak "autokritika zintzoa" egina du, eta beste eragileei ere "erantzukizunak" hartzeko eskatu die, "izan badituztelako, eta horiek onartzeko garaia badelako". Cabacas auzia eta sakabanaketa aipatu ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.