politika

Ertzaintza gauez etxera, Jon Anzari buruzko maindirea kentzeko asmoz

Donostiako bizilagun bati joan zaizkio poliziak, "terrorismoari gorazarre egitea egotzita diligentziak irekiko dizkiotela mehatxu" eginez, baina hark ez du erretiratu donostiar militante desagertua non den galdetzen duen zapia.

2009ko urriaren 29a
11:01
Entzun
Donostian Intxaurrondo auzoko leiho eta balkoi askotan Jon Anza auzoko kide desagertuaren argazkia daukaten eta hura non dagoen galdetzen duten maindireak dituzte jarriak bizilagunek, baina horietako bati kentzeko "mehatxua" egin dio Ertzaintzak, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM) gaur jakinarazi duenez.

Astearte gauean gertatu zen "mehatxua", bizilagun hari ertzainak etxeraino joan zitzaizkionean. "Ertzaintzak terrorismoari gorazarre egitea egotzita diligentziak irekiko dizkiola mehatxu egin zion, baina auzotarrak ez zuen erretiratu maindirea", dio AAMk.

Anza joan den apirilaren 18tik dago desagertuta. Ahetzeko (Lapurdi) bizilagunari egun hartan neska-lagunak Baionako tren geltokira lagundu zion, eta hantxe ikusi zuen azkeneko aldiz. ETAk gero jakinarazi zuen bere militantea dela Anza, apirilaren 18an hitzordua zeukala Okzitaniako Tolosan, baina ez zela azaldu.

1982tik 2002ra artean preso egon zen, ETAko kidea zela leporatuta. Duela urtebete pasatik buruko gaixotasuna du, eta ikusteko arazo handiak dauzka.

"Euskal militante bat gerra zikinak desagerrarazi du eta hemen inork gutxik esan du ezer horri buruz. Baina militante horren argazkia jarri eta non dagoen galdetzea terrorismoari gorazarre egitea da orain", salatu du AAMk. "Beharrezkoa da Jonen desagertzea argitzeko bidean herritarren presioa eta mobilizazioa".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.