Ertzaintza gaur ere Kukutza gaztetxearen alde Bilboko epaitegiaren aurrean bildu direnei oldartu zaie. Ehunka lagun elkartu dira gaur 12:30ean Barroeta Aldamar kalean atzoko oldarraldia salatzeko. Asko bendak jarrita eta pailazoek erabiltzen dituzten sudur gorriekin joan dira.
Kukutzaren aldeko oihuak egin dituzte bildutakoek, eta Rodolfo Ares Barne sailburuaren dimisioa eskatu dute. Ertzaintzak, ordea, Albia lorategietara mugiarazi ditu, eta han salatu dute atzo Errekalde auzoan izan zen indarkeria bakarra Ertzaintzarena izan zela.
Epaileak bihar hartuko du eraistearen inguruko erabakia
BIlboko epaitegietako laugarren aretoko epaileak Kukutzaren eraistean zer ikusia duten aldeak hartu ditu gaur, eta bilkura epaitegiaren kanpoaldean deituta zegoen, Kukutza kolektiboak, Errekalde-berriz auzo elkarteak, Bilboko Udalak eta Cabisa enpresak epailearen aurrera argibideak ematera joaten ziren bitartean.
Alde horiekin hitz egin ostean bihar hartuko du epaileak eraistearen gaineko erabakia. Atzo bertan behera utzi zuen eraistea, Errekalde-berriz auzo elkarteak horren aurka aurreko astean helegitea jarri zuela argudiatuz atzo egin zuen salaketaren ostean. Iluntzean 20:00etan berriro Errekalde auzoan manifestatzera deitu dute.
Kukutza Gaztetxea Ertzaintzak zaintzen du atzoz geroztik, eta gaur ere hainbat ertzain daude zeregin horretan. Atzo sarrerak adreiluekin itxi zituzten, eta arratsaldean Denok gara Kukutza lelopean egin zen manifestazioan hurbiltzen ere ez zieten utzi protestagileei, euren aurka jazartuz.
40 senda-agiri aurkeztu dituzte Kukutzakoek
Manifestazioa 17:00etan egin zen, baina protestak ia gauerdira arte luzatu ziren. Edukiontziak erre zirela dio Herrizaingo Sailak, eta Ertzaintzak beste bi lagun atxilotu zituen. Guztira, 30 inguru dira atzo atxilotutakoak. Kukutzaren azken solairuan gotortu zirenei, gainera, autoritatearen aurkako delitua eta usurpazioa leporatzen diete.
Zauritutakoak ere asko dira; izan ere, egun guztian oldartu baitzitzaien Ertzaintza Kukutzaren aldekoei. Eraikinaren barruan egindako kargetako batean pilota batekin aurpegian jo zuten Kukutzan zegoen bat, eta erietxera eraman behar izan zuten.
Rodolfo Aresek, hala ere, zoriondu egin zuen Ertzaintza, argudiatuz lan zaila zutela atzokoan. Bilduk, Aralarrek eta Ezker Batuak salatu egin dute Ertzaintzaren jarrera eta Gaztetxea indarrez hartu izana. Atzo hiru alderdi horietako parlamentariek esan zuten kargu hartuko dietela Aresi, Iñaki Azkunari eta Blanca Urgell sailburuari. Azken horri espediente bat irekitzeko aukera izanda ez egitea aurpegiratzen diote. Iñigo Lamarca arartekoak, berriz, Errekalden gertatzen ari zenaz atzo herritarren hainbat dei jaso ondoren espediente informatiboa zabalduko duela iragarri zuen.
Iñaki Azkuna: "Protesten atzean Bildu dago"
Iñaki Azkuna Bilboko alkateak lehen aldiz hitz egin du gaur Kukutzaren husteaz, eta horrek atzoko protestak kale borrokarekin lotu eta "guzti hori" nondik datorren jakina dela esan du. "Bildu dago guztiaren atzean", esan du alkateak. Isabel Zelaarekin batera San Inazio auzoko eskola baten inaugurazioan egin ditu adierazpenak.
Bilboko Udalak legea bete duela esan du Azkunak, eta arazoaren oinarrian jabetza pribatua duen eraikin baten okupazioa dagoela esan du. Gaineratu du Udalak ez duela bat egiten okupazioa bultzatzen dutenekin, eta hori Bilduk babesten duela esan du. "Arazoa hasi zenetik, elikatu egin du", adierazi due.
Bide batez, Ertzaintzaren esku hartzea babestu du Azkunak, eta atzo neurriz kanpokoa "ertzainei harriak, suziak eta adreiluak bota zizkietenen jarrera" izan zela esan du, eta Kukutzakoak ertzainei aurre egiteko prest zeudela esan du, pisuetako bat "blindatuta" zegoela. "Epaile batek agindu diolako esku hartu du Ertzaintzak, ez Aresi edo alkateari bururatu zaiolako".