Ertzaintzak 18 urteko gazte bat atxilotu du Kopako finaleko istiluengatik

Realaren eta Athleticen arteko Kopako finalaren aurretik istiluak izan ziren Bilbon, eta emakume bat zauritu zuten buruan botila batekin jota. Hori egotzita atxilotu dute 18 urteko mutil bat, Barakaldon.

Zaletuak Poza kalean, apirilaren 3an, Kopako finalaren atarian. JAVIER ZORRILLA / EFE
Paulo Ostolaza.
2021eko maiatzaren 18a
17:20
Entzun

Ertzaintzak 18 urteko mutil bat atxilotu du Barakaldon. Joan den apirilaren 3an, Bilbon istiluak izan ziren, Realaren eta Athleticen arteko Kopako finalaren aurretik, eta haietan emakume bat botila batekin buruan jo izana egozten diote gazteari.

Ertzaintzak eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailak adierazi dutenez, ikerketak aurrera egin ahal izan du herritarren laguntzarekin eta hainbat lagunek bidalitako bideoei esker. Zauritu zuten emakumea ezustean jo zuen buruan botila batek. Konortea galdu zuen; lurrera erori zen, eta bi egun igaro zituen erietxean, Ertzaintzaren arabera.

Atxilotuari desordena publikoak eta lesio larriak eragitea egozten diote, eta ez da egun hartako istiluekin atxilotu duten lehenengoa: denera, bost lagun atxilotu ditu Ertzaintzak, eta beste hainbat ikertuak izaten ari dira.

Finalaren atarian

Apirilaren 3an, Poza kalean, tentsioa handitu egin zen 16:00etatik aurrera, milaka zale elkartu baitziren festa giroan. Udaltzainek trafikoa eten zuten, kalea jendez gainezkoa baitzegoen. Ertzaintza zaleak sakabanatzen hasi zen, eta haiek edukiontzi batzuk erre zituzten. Suhiltzaileek itzali zuten sua, eta berriz ere festa giroa izan zen nagusi kalean.

Dena den, istiluek ez zuten asko iraun, eta 18:00ak alderako giroa egonkortu egin zen. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.