EUSKAL HERRIA

Ertzaintzak 64 lehergailu desaktibatu ditu aurten

Asteburuan, bost obus topatu dituzte Lagako hondartzan. Muskizen, berriz, eztanda egin zuen gizon batek etxean gordea zuen obus batek.

Muskizeko baserri batean topatutako obusak. 300dik gora gordetzen zituen gizonezko batek. EUSKO JAURLARITZAKO SEGURTASUN SAILA
2014ko ekainaren 16a
14:13
Entzun

2013. urtean, Ertzaintzak 79 lehergailu desaktibatu zituen, gehienak 1936ko gerrakoak. Eusko Jaurlaritzak herritarrei oroitarazi die halako jaurtigairen bat topatuz gero ez dituztela manipulatu behar eta berehala eman behar dietela SOS Deiei horren berri.

2014an, jada 64 dira desaktibatutako lehergailuak; 32 Bizkaian, 22 Araban eta hamar Gipuzkoan. Horien artean Ertzaintzak ez ditu aintzat hartu asteburuan Muskizeko baserri batean topatutakoak. Bertan, 300 lehergailutik gora gordetzen zituen gizonezko batek, eta horietako bat lehertu zitzaion. Hanka zati bat galdu zuen. Halaber, 1936ko gerrako bost obus aurkitu ditu Ertzaintzak Lagako hondartzan, Ibarrangelun (Bizkaia).

Lur mugimenduak dauden lan guneetan, mendietan eta hondartzetan topatu ohi dituzte jaurtigaiak, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez. Beste kasu batzuetan, ordea, etxean gordetzen dituzte bildumazaleek. Horregatik, Ertzaintzak ohartarazi du obus bat ezin dela manipulatu, itxura zaharkitua badu ere. Lehergaiek urteak ematen dituzte aktibo, eta denbora igaro ahala arriskutsuago bihurtzen direla azaldu du Ertzaintzak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.