Ertzaintzak 866 salaketa ezarri ditu egun bakarrean

Konfinamendua urratzeagatik ezarri zituzten salaketak, atzo. Dena den, Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko ordezkariek nabarmendu dute herritarren jokabidea «eredugarria» izaten ari dela.

Ertzaintzaren kontrol bat Gasteizen, joan den astean. RAUL BOGAJO / FOKU
Paulo Ostolaza.
2020ko martxoaren 23a
16:08
Entzun

Konfinamendua dela eta, herritarren mugimenduak kontrolatzeko lanetan dabiltza Ertzaintza eta Foruzaingoa Hego Euskal Herrian, eta gaur eman dute egoeraren berri Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko ordezkariek. 

Estefania Beltran de Heredia Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak Ertzaintzak atzo ezarritako salaketa kopuruaren berri eman du gaur: 866. Kopuru handia da, baina sailburuak azpimarratu du «salbuespena» dela salatutako herritarren jokabidea, gehienen jarrera «eredugarria» izaten ari baita konfinamendua ezarri zenetik. 

Antzeko mezua helarazi du Juan Karlos Zapiko Nafarroako Foruzaingoaren buruak ere: «Nafar gehienak zorrotz betetzen ari dira konfinamendua dela-eta ezarritako neurriak». Dena den, «gizarte osoa arriskuan jartzen duten jarrera okerrak» ere badaudela esan du Zapikok.

Horregatik, Foruzaingoak 388 pertsona salatu ditu oraingoz, eta horietako hiru atxilotu, desobedientziagatik. «Denetarik aurkitu dugu: taldean egiten ari ziren barbakoa bat, autoa garbitzen ari zen jendea edo ibai ertzean piknik bat egiten ari zena. Salbuespenak dira, baina oso ekintza arduragabeak dira, eta zigortu egin behar dira», gehitu du.

Alde onak ere baditu konfinamenduak, eta Nafarroan atzokoa izan zen trafiko istripurik gabeko lehen eguna urtea hasi zenetik. Zapikoren arabera, «jarduera nabarmen apaldu da», eta bestelako salaketak ere %80 murriztu dira. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, lehen baino %69 salaketa gutxiago jarri dituzte herritarrek azken egunotan, baina Beltran de Herediak herritarrei eskatu die egoera honetan ere poliziekin elkarlanean jarraitzeko.

900 ertzain gehiago

Zapikok jakinarazi du ezen Foruzainak, kontrolak egiteaz gain, bestelako lanak ere egiten ari direla: «Maskarak egiteko oihala garraiatu dugu, baita herritarrek egindako dohaintzak ere». Lanez gainezka dabiltzala azpimarratu dute Beltran de Herediak eta biek. Horretarako, Ertzaintzak iragarri du Arkautin ikasten ari diren 900 ertzain lanean jarriko dituela aste honetan bertan, eta ez duela baztertzen erretiroa hartua duten ertzainak ere lanean hastea.

Gainera, 30 ertzainek koronabirusaren proban positibo eman dutela jakinarazi du Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.