Arratsaldeko seiak aldera Ertzaintzak atera ditu Leioako campuseko Errektoretzatik IA Ikasle Abertzaleak taldeak antolatutako protestarekin bat egin duten ikasleak. Eguerdian sartu dira barrura, eta, esan bezala, seiak aldera hasi da Ertzaintza gazteak ateratzen.
Ostegunean egingo dira EHU Euskal Herriko Unibertsitatean hurrengo errektorea aukeratzeko hauteskundeak eta eguna hurbildu ahala giroa berotzen ari da. Hain zuzen ere, IAkoek zenbait protesta egin dituzte gaur, EHUren kudeketa ereduaren eta Bolognako prozesuaren kontra.
Klaustro eguna zen gaurkoa, baina Leioako campuseko Ikasgela Nagusian egin ordez, Portugaleteko (Bizkaia) Nautika Eskolan egin dute batzarra, baina haraino iritsi da ikasleen protesta: Iñaki Goirizelaia errektoretzarako hautagaia hitza hartzera zihoanean ikasle batek hartu du mikrofonoa eta bere ikuspuntua agertzen hasi da. Nolanahi ere, mikrofono sistema itzali egin dute eta ikaslea aretotik aterarazi dute. Haren atzetik aretoan zeuden beste ikasleak. Ondoren, arazorik gabe aurkeztu ahal izan dituzte beren programak Goirizelaiak eta haren lehiakide Marisol Estebanek.
Baina hori ez da izan gaurko protesta bakarra. Aurrez esan bezala, eguerdi aldera ikasle talde bat Leioako campuseko Errektoretzaren egoitzara sartu da eta itxialdia hasi du.
Ostegunean egingo dute errektorea aukeratzeko bozketa EHUn. Hautagaiak egungo errektore Juan Ignacio Perez Iglesiasen taldeko Iñaki Goirizelaia eta CCOOren babesa duen Marisol Esteban dira. Zenbait kolektibok, Ikasle Abetzaleak taldeak kasu, abstentziorako deia egin dute. Beren burua ezkerrekotzat eta abertzaletzat duten zenbait iraskaslek, berriz, Goirizelaiaren aldeko botoa emateko deialdia egin dute azken egunotan. Gaur bertan Iñaki Antiguedad EHUko errektoregai ohiak jakinarazi du Goirizelaiaren alde egingo duela BERRIAn plazaratutako iritzi artikuluan.
Unibertsitatea
Ertzaintzak atera ditu EHUko Errektoretzan itxitako ikasleak
Klaustro eguna da gaurkoa, baina Leioako campusean egin ordez, Portugaleteko Nautika Eskolan egin dute. Hain zuzen ere, beren programak aurkeztu dituzte klaustroan errektore izateko hautagai biek: Iñaki Goirizelaiak eta Marisol Estebanek. Bien kontra protesta egin dute IA Ikasle Abertzaleak taldekoek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu