“Atzo Bilbon bizi izan genuena oso larria da. Arduragabekeria da herritarren kontra gogor egiteko agintzea Madriletik etorritako faxistei alfonbra gorria jartzeko”. Horrela mintzatu da gaur eguerdian Aitziber Ibaibarriaga Bilboko zinegotzia, atzoko gertakizunei buruz egindako urgentziazko balorazioan.
Ibaibarriagak deitoratu du Hautes Batzordearen zein Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailaren jarrera. "Biek ala biek baimendu zuten ekitaldi bat, zeinean antolatzaileen helburuak, beraiek euren web orrian onartzen duten bezala, Euskal Herria iraintzea, desberdinen kontrako bortizkeriaren goraipatzea eta Frankoren hilketak gorestea ziren". Ibaibarriagak uste du “jakin bezain pronto" debekatu behar zutela ekitaldia. Bi erakundeek Falangeari "alfonbra gorria" jarri ziotela kritikatu du Ibaibarriagak.
Gainera, esan du Ertzaintzak "bere benetako aurpegia" erakutsi zuela atzo ultraeskuindarrak babesten. “Delituak egitera armaz josita etorri zirenen kontra aritu beharrean, faxismoaren aurrean desadostasuna erakusteko hurbildu zirenen kontra gogor oldartu zen. Alderantziko mundua ematen zuen: Ertzaintza babestu behar zirenei oldartu eta, bitartean, mahuka zabala izan muturrekoekin”.