Ertzaintzak Algorta Getxoko auzoko (Bizkaia) bi gazte atzeman zituen domekan Bilbon, Santutxu auzinean, euskal presoen argazkiak eramatea leporatuta, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM) gaur esan duenez. "Ertzain etxera eraman ondoren, biluztu eta hatz-markak hartu zizkieten", dio AAMk. Igande arratsaldean gelditu ziren libre, baina "terrorismoa goratu" izana egotzita.
Santutxuko festetan izan ziren atxiloketak, "soinean presoen aldeko pegatina bana eramateagatik", AAMren arabera. Lekuko baten arabera, goizeko hamarrak aldera izan zen gertaera, Iturriaga kalean, herriko taberna-ren parean. "Une horretan, osasun langileek pertsona bat zelan artatzen zuten ikuskatzen ari zen ertzain talde bat. Algortako bi gazteak ondotik pasatu zirenean, gelditzeko eta soinekoan zeramatzaten Santutxuko presoen aldeko pegatinak kentzeko agindua eman zieten poliziek. Gazteek uko egin zioten horri eta, identifikazioa eskatu zietenean, gainean ez zeramatela esan zieten ertzainei. Orduan atxilotu eta Deustuko ertzain etxera eraman zituzten biak. Bertan, biluztu, gorputza arakatu, eta hatz-markak eta argazkiak atera zizkieten. Ondoren, 'terrorismoa goratu' izana eta 'desobedentzia larria' leporatu zizkieten. Era berean, haien auzia politikoki baliatuko dutela mehatxatu zieten: 'Hamar urte jango dituzue', esan zien atxiloketan parte hartu zuen ertzain batek", adierazi du Amnistiaren Aldeko Mugimenduak.
Halaber, AAMk dio ertzain etxeko poliziek gazteak "presionatu" egin zituztela hainbat eskubideri uko egiteko: arreta medikua izateko, euskaraz aritzeko, abokatu euskaldun eta konfiantzakoa izateko edota euren aurkako atestatuaren kopia izateko.
Duela aste batzuetatik, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailaren aginduz, Ertzaintza presoen irudiak kentzen ari da, "terrorismoa goresten" dutelakoan.
euskal presoak
Ertzaintzak bi gazte atxilotu ditu Bilbon, soinean presoen argazkiak eramatea egotzita
Santutxu auzoko festetan izan zen gertaera, domekan. Ertzainek identifikatzeko eskatu zieten Algortako bi lagunei, presoen irudiekin ikusi ostean, eta gainean nortasun agiririk ez zutelako atzeman zituzten gazteak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu