Okupazioa

Ertzaintzak bi gazte identifikatu ditu Hondarribiko gaztetxea husteko operazioan

Atea kolpeka zabaldu dute, eta sartu egin dira. Herritarrak bildu dira inguruan, eta poliziek gutxienez bi identifikatu dituzte.

2020ko martxoaren 5a
10:48
Entzun

Ertzaintzak Hondarribiko gaztetxearen aurkako operazio bat egin du gaur goizean. Poliziek Juan Laborda kalea itxi dute 08:30ak aldera, gaztetxeko kideek adierazi dutenez. Ondoren, Ertzaintzaren bi furgoneta gutxienez heldu dira gaztetxearen ingurura. Ertzainak protesten aurkako jantziz eta tresneriaz hornituta daude. Eraikinaren atzeko aldetik sartzen saiatu dira. Sarraila kentzen saiatu dira, baina, azkenean, kolpeka ekin diote ateari, botatzeko asmoz.

Bitartean, jendea hurbildu da gaztetxera. Horietako bati sakelakoa kendu diote, operazioa bideoan hartzen sartzen ari zelako, eta identifikatu egin dute. 10:15 aldera, atea irekitzea lortu dute, eta gaztetxearen barrura sartu dira.

Gaurko zuten agindua Hondarribiko Gazte Asanbleako kideek Egiluz gaztetxetik ateratzeko. Asanbleako bi kide barruan zeuden, operazioari aurre egiteko, erresistentzia zibilaren bidez. Oarsoaldeko Hitza-k zabaldu duenez, Eliza katolikoko ordezkari bat eta epaitegiko hainbat langile sartu dira Egiluz jauregira, Ertzaintzaren babespean, hura hustera.

Barruan zeuden bi gazte ere identifikatu dituzte. Isun administratiboa jarri diete, eta ohartarazi diete eraikinera berriz sartuz gero, orduan bai, atxilo eramango dituztela. Bildutako herritarrek «gaztetxea aurrera», eta «ez gaituzue geldituko» oihuak egin dituzte. Ertzainek kanpoko protestan zeuden beste hainbat gazte identifikatu dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.