Ertzaintzak bi pertsona atxilotu ditu, joan den ostiralean Bilboko metroan izan zen eraso batean parte hartzea leporatuta. 23 urteko bi gazteri lapurreta egiten saiatu zen gazte talde bat, metrora sartzen ari zirenean. Biktimek aurre egin zioten taldeari, eta jipoitu egin zituzten. Eraso horretan, begi bat galdu zuen bi biktimetako batek, eta erasotzaileek sudurra hautsi zioten. Besteak, berriz, hainbat zauri ditu kolpeen ondorioz. Botila hautsiekin ebakiak egin zizkieten.
Atxilotuetako bat 19 urteko gizonezko bat da, eta Barakaldoko bere etxean atzeman dute. 23 urte ditu bigarren atxilotuak. Ertzaintzak jakinarazi duenez, biek lapurreta eta erasoekin lotutako aurrekariak dituzte. Ustezko erasotzaile gehiagoren bila jarraitzen du Poliziak.