Ertzaintzak bortitz kargatu du gaur eguerdian Donostian torturaren kontra egin duten elkarretaratzeko lagunen kontra -baimendua zegoen kontzentrazioa-, eta hauetatik bost zauritu egin ditu. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AMM) deitu du kontzentrazioa, Igor Porturen auzian zortzi guardia zibilek ustezko torturengatik Donostiako 1. Instrukzio epaitegian deklaratu behar zutela medio, eta Ertzaintzak indarkeriaz desegin egin du elkarretaratzea.
Ehunen bat lagun bildu dira mobilizazioan, 12:00etan, pankarta zabaldu dute eta torturaren kontrako kartelak jarri dituzte. Ertzaintza haiengana joan da eta kartelak kentzeko eskatu die. Kendu dituzte AMMko kideek kartelak, baina ertzainak orduan jendea identifikatzen hasi dira. Tentsioa handituz zihoan, eta elkarretaratzean bildutakoek Ertzaintzaren eta EAJren kontrako oihuak egin dituzte.
Ertzaintzak orduan esan die bost minutu zituztela elkarretaratzea desegiteko. Hiru minutura AMMko kideek pankarta jaso dute eta Eusko Gudariak abesten hasi dira, ekimenaren bukaera modura. Instant horretan ertzainak haien kontra kargatzen hasi dira, aurrez aurre. Askatasunak azaldu duenez, bost lagun zauritu egin dituzte elkarretaratzean, horietako batek (adineko gizonak) pilotakada bat jaso du saihetsetan, eta odoletan zegoen. Beste hamaika lagun lurrera erori dira, jendea lasterka ondoko kaleetara, ertzainak horien atzetik...
Rubalcabaren bertsioarekin bat egin dute zortzi guardia zibilek
Igor Porturen tortura auzian inputatutako zortzi guardia zibilak Donostiako 1. Instrukzio epaitegian deklaratu dute, eta 13:15 aldera bukatu dute. Horiek bat egin dute Espainiako Gobernuak emandako bertsioarekin; hau da, Portu eta Mattin Sarasola ez zituztela torturatu, eta lesioak atxilotu zituzten unekoak direla. Guardia zibilen arabera, atxiloketa unean motxilak erakusteko eskatu zietenean, bi haiek "korrika alde egin zuten" eta, ondorioz, "bi agentek haien atzetik joan behar izan zuten", eta "hain gainera bota zirelako zauritu ziren".
Aiert Larrarte TATeko abokatuak adierazi duenez, atxiloketa unean han zegoela ziurtatu zuen lekukoaren deklarazioa eskatu dio epaileak. Horrez gain, froga berririk azaldu ez dela adierazi du, eta ez dute beste eskakizunik egin. Instrukzioak aurrera segituko duela jakinarazi die epaileak.
Porturen torturekin lotura izan zutela pentsatzeko zantzuak badirela uste du epaileak, eta horregatik inputatu ditu. Torturaren Aurkako Taldea (TAT) akusazio partikular gisa aurkeztu da. Guardia zibilek ez diete erantzun Porturen senideen eta TATen abokatuen galderei.
Poliziek ez dute beren nortasunaren berri publiko egiterik nahi eta babestutako lekuko gisa deklaratzeko eskaria egin dute. Aurrenengo eskariari ezetz erantzun dio epaileak, guardia zibilak inputatu gisa deklaratu behar dutelako, eta ez lekuko gisa. Erreforma helegitea jarri du guardia zibilen defentsak.
Josu Esparza AMMko kideak gaur esan du Espainiako Estatuak beharko lukeela deklaratzen Donostian, "berak ahalbidetzen duelako tortura gauzatzea, oniritzia emanda". Tortura bukatzeko inkomunikazioa amaitzea nahikoa litzatekeela adierazi du. Guardia zibilak, berriz, "Euskal Herrira gerrara" etortzen direla esan du Esparzak.
Tortura
Ertzaintzak bost lagun zauritu ditu gaur Donostian torturaren kontra egindako elkarretaratzean
Igor Porturen kontrako ustezko torturak salatu dituzte hainbat lagunek baimendutako kontzentrazioan, eta ertzainek aurrez aurre kargatu egin dute. Zortzi guardia zibil epailearen aurrean egon dira goiz osoan deklaratzen, Donostiako 1. Instrukzio epaitegian, eta Porturen lesioak atxiloketa unean gertatu zirela esan dute. Instrukzioak aurrera segituko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu