39 urteko emakume baten gorpua topatu zuen Ertzaintzak atzo arratsean Tolosan (Gipuzkoa), Larramendi auzoko etxe batean, eta haren bikotekidea atxilotu dute —26 urteko gizonezkoa—, emakumea hiltzea egotzita. Indarkeria zantzuak ditu gorpuak —lepoan ebaki bat—.
Emakumezkoaren bikotekide ohiak eman zion abisua Ertzaintzari, etxera deitzean erantzuten ez zuela ikusita. Gorpua aurkitu eta hiru ordura ustezko hiltzailea etxera itzuli zen, eta han atzeman zuen Ertzaintzak. Honek gaur eguerdian adierazi du gizonezkoak galdeketan aitortu duela berak hil zuela.
Emakumeak mutil-lagun ohiarekin izandako ume bat zeukan eta, Ibai iriarte Tolosako alkateak esan duenez, asteburuan haurra berekin izan ostean bikotekide ohiari uztekoa zen.
Ustezko hiltzaileak aurrekariak dituela jakinarazi dute. Aurretik zazpi aldiz atzeman izan zuten; haietako batean, genero indarkeria egotzita —duela hiru urte, orduko bikotekidea jo zuelakoan—. Lau urte kartzelan pasatuta dago.
Atzo atxilotu ostean, Donostia erietxera eraman zuten, azterketa psikiatrikoa egiteko.
Ezohiko batzarra egin du Udalak
Udalak ezohiko batzarra egin du 19:00etatik aurrera, eta aho batez onartu du adierazpena. Dolua agertu dute, eta herritarrei dei egin diete protesta egitera. ”Emakume izateagatik hiltzen dituzte. Tolosan gertatutakoa gizartearen isla da, eta zerbait gaizki egiten ari garen seinale”.
Bilgune Feministak 19:30ean elkarretaratzera deitu du. Hainbat lagun bildu da, Aski da! Indarkeria sexistari aurre hartu! lelopean. Haien artean izan dira alkatea eta Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia.
Gipuzkoako Foru Aldundiak Tolosako hilketa arbuiatu du eta elkartasuna adierazi dio biktimaren familiari.
Emakumeon Mundu Martxa plataformak biharko deitu ditu elkarretaratzeak: 19:00, 19:30 eta 20:00etan izango dira, hainbat hiri eta herritan. "Emakumeon aurkako indarkeria gure gizartean gertatzen den giza eskubideen urraketa larrienetakoa eta hedatuenetakoa da. Emakume izateagatik jasaten dugun biolentzia oroz ari gara: sexu erasoak, prostituzio behartua, lantokietako sexu jazarpena, jipoiak eta emakumeon erailketak... Emakumeon aurkako indarkeria patriarkatuaren oinarrian dago, eta honek, gizartean emakumeok jasaten dugun mendekotasuna betikotzeko kontrol mekanismo gisa erabiltzen du biolentzia", esan du plataformak.