Euskal presoak

Ertzaintzak eta EAJk Sagarduiren omenaldian izandako jarrera salatu du Amnistiaren Aldeko Mugimenduak

Larunbatean bezala, atzo ere Ertzaintzak galarazi egin zituen 'Gatza' presoaren aldeko adierazpenak. Bere ahotsa beste behin isilarazten saiatzea egotzi dio EAJri AAMk.

2008ko uztailaren 16a
17:06
Entzun
Atzo arratsaldean Zornotzako (Bizkaia) AAM Amnistiaren Aldeko Mugimenduak udaletxe aurrean egitekoa zuen prentsaurrekoa behartuta bertan behera geratu izana salatu du gaur erakundeak. "Ertzaintzak laupabost furgonetarekin udaletxearen ingurua hartu eta berau galarazi zuen".

Prentsaurreko horretan joan den larunbatean Jose Mari Sagardui Gatza-ren aldeko manifestazioan zauritutako lagunek, eta hainbat herritarrek hartu behar zuten parte. Gertatutakoaren gaineko balorazioa egitea zen asmoa. Hori egiterik izan ez zutenez, gaur idatziz zabaldu du larunbateko eta atzoko gertaeren gaineko balorazioa: "Beste behin ere EAJk AAM isilarazi nahi izan duela salatu behar dugu".

Ertzaintzak atzoko prentsaurrekoa galarazi ostean Zornotzako jaien hasierako txupinazoan "herritarrek EAJren jarrera salatu" zutela ere dio AAMk. "Bertan ere Ertzaintzaren presentzia nabaria zela salatu zuten herritarrek".

Irakurri gabe geratu zen agiria



Prentsaurrekoan irakurtzekoa zuten testuak honakoa zioen, besteak beste: "Jose Mari Sagardui Gatza-k' 28 urte luze bete ditu preso. 28 urte luze baldintzarik gogorrenetan eta kartzelarik krudelenetan. Batzuek onartu nahi ala ez, Gatza pertsona maitatua da Zornotzan". Horren erakusgarri da, AAMren hitzetan, azken asteetan haren askatasuna eskatzeko ehunka lagun elkartu izana kontzentrazio, manifestazio eta elkartasun ekimen ezberdinetan.

"Lanuzteak ere egin dira, herriko denda eta taberna askotan Gatzaren argazkia jarrita dute, eta dozenaka atxikimendu lortu dira bere alde".

Zornotzako 41 gizarte eragilek, sindikatuk, kirol taldek, erakundek eta talde kulturalek sinatu dute Gatzaren askatasuna eskatzeko Amnistiaren Aldeko Mugimenduak aurkeztutako mozioa. "Baina Zornotzako Udala zuzentzen duen EAJk uko egin dio mozioa eztabaidatzeari; hasiera-hasieratik trabak baino ez ditu jarri eta ez da gai izan gutxieneko elkartasun keinu bat egiteko ere".

"Maiatzetik hasi eta azken bi hilabeteetan ahalegindu gara David Latxaga alkatearekin biltzen, Gatzaren egoeraren berri emateko eta 41 atxikimendu dituen mozioa aurkezteko. Egunero-egunero joan gara udaletxera eta egunero-egunero erantzun bera: 'Alkatea lanpetuta dago, baina bere lehentasunen artean dago zuekin biltzea'".

Amnistiaren Aldeko Mugimenduak dioenez, saio horiek egin arren, azkenean ez zen bilerarik izan eta mozioa ez zen eztabaidatu.

EAJren "jarrera bikoitza"

"EAJk pertsona guztien giza-eskubide guztiak babesten dituela ozen esaten du, baina Zornotzan argi geratu da EAJri eta David Latxagari bost axola zaiela Gatza espetxean usteltzea, nahiz eta Espainiako legearen arabera 1995. urtetik kalean egon beharko zukeen. Badakite gaizki jokatzen ari direla eta horregatik, orain, atxikimendua eman duten taldeei gutunak bidaltzen hasi dira aurreko urteetan Gatzaren aldeko mozioak onartu dituztela esanez, eta euren burua zuritu nahian. Baina jada, berandu da, Latxaga jauna, zuen hipokrisia agerian geratu da".

AAMren iritziz, "horixe" da EAJ, "hipokrisiaren eta itxurakeriaren isla". "Demokrazia eta etikaren defendatzaile sutsuak dira; bidea elkarrizketa dela eta herritarren iritzia errespetatu behar dela esaten dute".

PSOEk eta PPk atzo Espainiako Auzitegi Konstituzionalean Eusko Jaurlaritzak onartutako herri kontsultaren legearen kontrako helegitea jarri zutela gogora ekarrita, EAJri eta EAEko lehendakari Juan Jose Ibarretxeri kritika zorrotzak egin dizkio Amnistiaren Aldeko Mugimenduak, haien "jarrera hipokrita" salatuta: "Urriaren 25ean Euskal Autonomia Erkidegoan ez da galdeketarik izango, eta Ibarretxek negar egingo du; saiatu dela, baina ez diotela utzi esango du, eta eskuak burura eramango ditu herritarrei galdetzea debekatzea ulertezina dela esanez. Bada, Ibarretxe jauna, zuk eta zure alderdiko buruzagiek gauza bera egin zenuten Zornotzan: herri galdeketari entzungor egin eta Boroako Zentrala inposatu".

EAJri "hitzen bidez gauza bat esan eta kontrakoa egiten" duela leporatu diote: "Hipokrita hutsak zarete. Alderdien Legearen kontra zaudete, baina Zornotzan bigarren indar politikoa den ezker abertzalearen bi eserleku lapurtu dituzue. Ideia eta pentsamolde guztiak errespetatu behar direla esaten duzue, baina ezker abertzalearen kontra PPren eta PSOEren errepresio estrategiarekin bat egiten duzue, nahiz eta jakin badakizuen horrek gatazka politikoa elikatu baino ez duela egiten".

Indarkeria dela-eta kritika gehiago egin dizkie AAMk jeltzaleei: "Indarkeria ez dela bidea esaten duzue, baina manifestazioetara aurpegia estalita eta goitik behera armatuta dauden polizia autonomiko espainolak bidaltzen dituzue".

Salaketari jarraiki, joan den larunbatean Ertzaintzak manifestazioa eragotzi eta indarrez sakabanatu zuenean zelako metodoak erabili zituen aletu ditu AAMk: "Umeak, gazteak, helduak, adinekoak... aurrean topatzen zutena kolpatu zuten, eta harro egongo dira gainera Zornotzako polizia operazioan parte hartu zuten ertzainak. Bizimodua eta familia aurrera ateratzeko modu duina irudituko zaie. Baina koldar batzuk baino ez dira. Aurpegia estali behar dute eta goraino armatu behar dira, 28 urte preso daramatzan lagun baten giza eskubideen alde manifestazio batean parte hartzen ari diren herritarrak horrela jipoitzeko".

"Zornotzako kaleetan odola isuri zen larunbatean eta PNV eta indarkeria erabiltzen duen Ertzaintza dira horren erantzule".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.