Politika

Ertzaintzak galarazi egin du Zornotzako manifestazioa

Hala ere, 20 minutuko elkarretaratzea egiteko baimena eman diete Herriko Plazan batutako ehunka lagunei. Auzitegi Nazionalak Sabin Eubari omenaldila egitea debekatu zuen atzo, eta herritar talde batek errepresioaren aurka eta autodeterminazioaren alde antolatu duten manifestazioa haren ordezkoa zela iritzita, eragotzi egin du Ertzaintzak.

2007ko abuztuaren 11
19:48
Entzun
Zazpiak inguruan ehunka lagun batu dira Zornotzako (Bizkaia) Herriko Plazan herritar talde batek errepresioaren aurka eta autodeterminazioaren alde deitu duen manifestazioan parte hartzeko asmoz. Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak debekatu egin du manifetazioa, Espainiako Auzitegi Nazionalak galarazitako Sabin Eubaren omenaldiaren ordezko dela iritzita, eta, ondorioz, Ertzaintzak zabalpen handia egin du ekitaldia eragozteko. Besteak beste, polizia horren zazpi fugoneta zeuden Herriko Plazan.

Zazpiak eta laurden aldera pankarta zabaldu eta manifestazioa abiatzeko keinua egin dute, eta ertzainburuak hurbildu zaizkie berehala. Manifestarien ordezkaritza batekin hitz egin dute, eta 20 minutuz elkarretaratzea egiteko baimena eman diete. Oihu ozenen artean eta giro beroan egin dute elkarretaratzea, eta 200 bat lagunek manifestazio txiki bat ere egin dute alboko kale batean barrena. 20 minutuak igarotakoan sakabanatu egin da jendea. Ondoren, zenbait lagunek edukiontziak zeharkatu dituzte alde zaharrean.

Auzitegi Nazionalaren debekua

Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Juan del Olmok debekatu egin zuen atzo gaur arratsaldean Zornotzan (Bizkaia) Sabin Euba iheslari zenari egin behar zioten omenaldia. Galarazpen hori dela eta, zornotzar talde batek atzo jakinarazi zuen Euba omentzeko beste ekimen baten berri emango zutela gaureguerdian.

Hala, Auzitegi Nazionalak gaur egitekoa zen ekitaldia debekatu izanak Espainiako Estatuak errepresioaren aldeko eta konponbidearen kontrako apostua egin duela erakusten du herritar talde horren ustez, eta horregatik manifestaziora deitu dute, 19:00etan, "errepresioaren kontra, eta autodeterminazioaren eta amnistiaren alde". Dena den, manifestazio horren asmoa Eubaren omenaldia ordezkatzea dela uste du Herrizaingo Sailak, eta, ondorioz, hori ere debekatu egin du.

Arestian esan bezala, Zornotzan (Bizkaia) Sabin Eubaren omenez gaur egitekotan zen ekitaldia eragozteko agindu dio Ertzaintzari Auzitegi Nazionaleko epaile Juan del Olmok. Epailearen arabera, ekitaldi horretan ETA goratzeko arriskua dago, eta «prebentzio gisa» hartu du erabakia. Hark ateratako autoaren arabera, Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak ez du omenaldia debekatzen duen edo ez argitu, eta hortaz, epaileak ez du ekitaldia zuzenean debekatu. Horren ordez, Ertzaintzari ekitaldia eragozteko behar diren neurriak hartzeko agindu dio. Herrizaingo Sailak epailearen erabakia beteko duela esan du.

Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkari Paulino Luesmak ekitaldiari buruzko informazioa eskatu zion Herrizaingo Sailari, eta, ondoren, Fiskaltzari bidali zion. Fiskaltzak omenaldiaren deitzaileetako bat Segi erakundearekin lotuta egon zela ikusi zuen, eta ekitaldia debekatzeko eskatu zuen. Epaileak atzo eman zuen erabakiaren berri.

ERAGILEEN ERANTZUNA. PSOE gustura dago epaileak hartutako erabakiarekin, eta Luesmaren jokabidea goraipatu du Espainiako Kongresuan PSOEk duen bozeramaile Diego Lopez Garridok. Bere iritziz, neurri horrek Espainiako Gobernua ETAren kontrako borrokan «errukigabe» lanean ari dela uzten du agerian. «Baimenik ez duen manifestazio baten aurrean gaude, legez kanpoko talde bat da deitzailea eta terrorista bat omendu nahi dute». PSOEko Antolakuntza idazkari Jose Blancok, bere aldetik, Fiskaltza goraipatu du, eta PSOEri omenaldia «ez gauzatzea» gustatuko litzaiokeela esan du.

PPko Ekonomia eta Enplegu idazkari Miguel Arias Cañeteren ustez, debekua «berri ona» da.

Espainiako Auzitegi Goreneko presidente Francisco Jose Hernandok eta Magistratuen Elkarte Profesionaleko presidente Jose Ramon Ferrandiz Gabrielek erabakia «egokia» dela uste dute.

Aralarrek arbuiatu egin du omenaldiaren debekua, eta bizikidetzaren kontrakoa dela salatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.