Ertzaintzak gutxienez hiru lagun atxilotu ditu, martxoaren 3ko biktimak omentzeko Gasteizen egin den manifestazioaren amaieran. ELA, LAB, ESK eta EILAS sindikatuek deituta omenaldia eta manifestazioa egin dituzte gaur iluntzean Gasteizen, Borroka eginez eskubideak zaindu lelopean. Amaieran, istiluak izan dira Andra Maria Zuriaren plaza inguruan, Ertzaintza manifestariuei oldsartu egin zaie, eta gutxienez hiru lagun atxilotu dituzte.
1976ko martxoaren 3ko gertakarien 36. urteurrenean Eusko Jaurlaritzak sarraski hartako biktimak omendu ditu gaur goizean, Gasteizen. Idoia Mendia Jaurlaritzako bozeramaileak "beharrezkotzat" jo du erakundeen aitorpena, "berriro halakorik gerta ez dadin".
Lore eskaintza egin dute, eta ekitaldian izan dira UGT eta CCOO sindikatuetako ordezkariak ere. Aurten lehen aldiz omendu ditu Jaurlaritzak martxoaren 3ko biktimak.
13:30ean egin dute omenaldia Aralarrek, Alternatibak, EAk eta ezker abertzaleak, Zaramaga auzoan. Han izan dira Martxoak 3 elkarteko hainbat kide ere. "Egiaren beharra" nabarmendu dute talde guztiek. "Gertatutakoaren egiak" argitu gabe jarraitzen duela azaldu dute, eta "ahanzturaren kontra eta oroimenaren alde" agertu dira.
Ekitaldian nabarmendu dute "orain dela 36 urte bezala herri honek bigarren eta benetako trantsizio demokratiko bat behar duela". Horretan Euskal Herria "nazio gisa aitortu behar da", haien arabera, eta haren etorkizunaren inguruan "erabakitzeko eskubidea" izan behar du.
Sarraskiaren urteurrenean, Txarli Prieto Arabako PSE-EEko idazkari nagusiak gogorarazi du "biktimak onartzea eta kalte-ordaina ematea betebeharra" dela. Joseba Egibar EAJren GBBko lehendakariaren arabera, "bazen eta bada garaia gertaera larri horien ondorioz giza eskubideen urraketa sentitu zutenen senideei erreparatzeko".
Pello Urizar EAko idazkari nagusiak deitoratu du hainbat biktima "ahaztuta" utzi dituela "politikarien alde handi batek".