Iazko urrian, 36 akusaturekin hasi zen Espainiako Auzitegi Nazionalean berrogei gazteren aurka hastekoa zen epaiketa. Idoya Iragorrik, Goizane Pinedok, Unai Pou Ruizek eta Irati Mujikak jakinarazi zuten ez zirela beren kabuz epaiketara joango, eta ezkutatu egin ziren.
Horietako hiru atxilotu eta espetxeratu dituzte jada: Pinedo eta Ruiz larunbatean atxiki zituen Ertzaintzak, mobilizazio jendetsu baten ondoren etxe bateko leihoan kateatu eta gero. Mujika urtarrilaren 9an atxilotu zuten, Aramaion, kaleko jantzitako Espainiako poliziek. Iragorri gordeta egon da.
Sestaokoa da Iragorri, eta haren senide zein lagunek, harekiko eta beste hiru atxilotuekiko elkartasuna adierazteko, Desobedientzia Eguna antolatu dute gaurko. Kasko plazan elkartu dira, 12:00etan, eta hogei minutu geroago agertu da Iragorri bera herriko udaletxean.
Kateatu egin da Iragorri udaletxeko atean, eta 12:35 aldera joan da Ertzaintza haren bila. Katea hautsi, eta atxilo hartu dute Iragorri, 12:45 aldera. Gaztea babestera joan den jendea bultzatuz heldu dira poliziak Iragorrirengana. Tentsio uneak izan dira, eta beste emakume bat ere atzeman dute.