Azaroaren 25a izaki, Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna da gaur. Horren harira, hainbat mobilizazio eta agerraldi daude antolatuta. Erakundeek ere gaitzetsi dute indarkeria matxista. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak eta hainbat sailburuk, esaterako, Gasteizen egin dute agerraldia, 12:00etan, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariarekin batera. Nafarroako Gobernuak elkarretaratze bat egin du ordu berean, Iruñean. Sindikatuek ere kaleak hartu dituzte goizean. LABek, esaterako, mobilizazioak egin ditu Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan.
Emakundek txosten bidez erakutsi du zein den oraindik emakumeen errealitatea. Horren arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Ertzaintzak indarkeria matxistaren 5.518 kasu atzeman zituen iaz, eta 4.419 emakumek jasan zuten indarkeria hori. Tipologiari erreparatuta, emakumeen %70,1ek bikotekideak edo bikotekide ohiak eragindako indarkeria pairatu zuten; % 20,3k, familia eremukoa —bikotekideak ez diren familiako beste gizon batzuek eragindakoa, gehienetan semeak—; eta %9,5i familiatik kanpoko gizon batek egin zien eraso. Ikusteko zailagoak diren indarkeriak ere badaudela ohartarazi du Emakundek, hala nola ziberjazarpen sexista, lan eremuko jazarpen sexista edo sexu esplotaziorako salerosketa.
Landaidak nabarmendu du datu horiek «egiturazko arazo larri» baten icebergaren punta baino ez direla. Gizarteari eskatu dio publikoki erakusteko emakumeen aurkako indarkeria gaitzesten duela eta indarkeria pairatzen ari direnak babesten dituela. «Gizarte osoaren erantzukizuna da baldintza egokiak sortzen laguntzea indarkeria jasaten duten eta hari aurre egiten dioten emakumeei laguntzeko».
Mugimendu feministak hartuko du lekukoa arratsaldean. Hainbat deialdi egin dituzte: Bilbon, giza katea egingo dute itsasadarraren bi aldeetan, udaletxetik Arrupe pasarelara, 19:30ean; Gasteizen, manifestazioa antolatu dute 19:00etarako, Iparralde gizarte etxetik abiatuta; manifestazioa egingo dute Donostian ere, 18:30ean, Alderdi Ederretik abiatuta; Iruñean, elkarretaratzeak egingo dituzte auzoetan, 19:00etatik 20:00etara, eta ekitaldi sinboliko bat ere egingo dute 17:00etan, Gazteluko plazan; eta Baionan ere elkartuko dira: manifestazioa egingo dute 18:30ean, Errepublika plazatik abiatuta.