Politika

Ertzaintzak lagun bat atxilotu du Gernikan, Ynestrillasen inguruan sortu diren istiluetan

Mungiako herriko tabernako langile bat atxiki eta mehatxatzea egotzita Espainiako armadako hiru militar epaitu dituzte gaur, eta haien abokatu legez izan da ultraeskuindar ezaguna Gernikako epaitegian.

2007ko azaroaren 6a
17:49
Entzun
Busturialdeko Hitza

Istiluak sortu dira Gernika-Lumon, Ricardo Saenz de Ynestrillas ultra-eskuindar espainiarraren etorreraren aurka protestan ari zirenen eta Ertzaintzaren artean.

Ertzaintzak protestagileen aurka egin du, eta 'Faxistak kanpora' zioen pankarta bat kendu die eskuetatik. Protesta egiten ari zirenetako batzuek su eman diete hainbat edukiontziri, eta INEMen bulegoko kristalak ere hautsi dituzte. Iskanbile horietan gazte bat atxilotu dute, "kale istiluetan parte hartzea" egotzita, eta Gernika bertako ertzain etxera eraman.

Dagoeneko alde egin du Ynestrillasek Gernikatik, Ertzaintzaren bi furgonetak babestuta.Iritsi ere eskoltatuta egin da Ynestrillas Gernikako epaitegira, auto batean, Mungiako herriko tabernako langile bat atxiki eta mehatxatzeagatik epaituko dituzten hiru militar espainiarren abokatu legez.

Epaiketa 11:00etan hasi da eta Busturialdeko zenbait gaztek elkarretaratzea antolatua zuten 10:30erako eta 12:00etarako, epaitegi aurrean. Euskal Herriko Batasun Antifaxistak ere zabaldu du «mespretxua erakusteko» deia. 500dik gora gazte batu dira, Gazte Antifaxisten deialdiagaz bat egiteko. "Zuek faxistak, zarete terroristak" eta antzeko aldarriak egin dituzte.

Ertzaintzak kontrolak ipini ditu Zornotzatik Gernikarako errepidean: bat, Zornotzako gasolindegian, eta bestea, Ariatzakoan. Azken horretan, hainbat auto gerarazi ditu, batez ere Donostiako matrikula daramatenak, eta autobusak ere, guzti-guztiak gerarazi dituzte, baita eskola-umez beteta zihoan bat ere. Gerarazitako autoei buelta erdi emateko agindu diete, gainera, eta ez diete Gernikara sartzen utzi.

Busturialdeko Hitzatik hartua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.