AHT

Ertzaintzak larunbatean Urbinan izandako jokabidea gogor salatu du AHT Gelditu! Elkarlanak

"Herritarren desobedientzia zibilaren aurrean modu bortitz eta basatian" aritu izana leporatu diote Ertzaintzari.

2009ko urtarrilaren 21a
16:19
Entzun
AHT Gelditu! Elkarlanak gaur zabaldu duen agiri baten bidez gogor salatu du joan den larunbatean Urbinan (Araba), Abiadura Handiko Trenaren eraikuntza lanen kontrako manifestazioaren ondoren, Ertzaintzak izandako jokabidea. "Ehunka herritarren desobedientzia zibilaren aurrean modu bortitz eta basatian" aritu izana leporatu diote Ertzaintzari.

"Urtarrilaren 17an, milaka herritar bildu ziren Urbinan AHT Gelditu! Elkarlanak antolatutako manifestazioan parte hartzeko, AHTren lanek Urbina eta Erretana inguruan egin duten triskantza ikusi eta azpiegitura erraldoi honen aurkako jarrera adierazi eta sendotu asmoz", dio agiriak.

Manifestazioaren ondotik gertatutakoa "oso larria" izan zela azaldu du AHT Gelditu!-k. Ertzainek obretara gerturatutako hainbat lagun jo zituzten, hauek protesta baketsua egiten ari zirela, eta horietako zortzi atxilotu zituzten. Hiru egunez inkomunikatuta eduki ondoren aske utzi zituzten, epaiketaren zain.

AHT Gelditu! Elkarlanak bere haserrea adierazi du hala Ertzaintzarekin nola hainbat politikari eta hedabiderekin: "Ulertezina iruditzen zaigu politikari eta komunikabide gehienek beren isiltasun eta konplizitatearekin polizia autonomikoari bere ekintza neurrigabekoetan eskaintzen dizkioten zigorgabetasun eta babesean sakontzea. Ertzaintzak larunbatean erakutsitako bortizkeria gogor salatzen dugu eta ekintza horien gaineko azalpenak ez ezik, erantzukizunak ere exijitzen ditugu".



"Ertzaintzak herritarrei erakutsitako jarrera iraingarria lekuz kanpo zegoen erabat; horren adibide, obretan eserita era baketsuan ertzainak etorriko zain zeudenek jasotako jipoiak, soroan begira zeuden ehunka lagunek inongo bereizketarik gabe jasotako pilotakadak, Urbinara lasai itzultzen ari zirenek egin behar izan zituzten korrikaldiak pilotakadak eta borra-kolpeak ez jasotzeko, lurrean erorita zeudenek jaso zituzten jipoiak, Urbinako herritarrak mehatxatzea, zaurituak beraiek izan zituztela esanez gezurretan aritzea, Gasteizko ospitaletan artatu zituzten zortzi pertsonak, atxilotu zituzten zortzi lagunek jaso duten tratu txarra inkomunikatuta izan dituzten hiru egunetan, familia eta abokatuei Audientzia Nazionalera bidali zituztela-eta gezurra esatea, desobedientzia zibila Audientzia Nazionalean epaitu nahi izatea..."

"Manifestazioa amaitu ostean ehunka pertsonek burututako desobedientzia ekimena galaraztea eta manifestariak AHTren lanen eremutik irtenaraztea baino, AHTren aurka irmotasunez dihardutenei zigor eredugarria eman nahi zitzaiela zirudien. Antza denez, milaka pertsona horien konpromisoak min eman die, baita Urbinako herriak AHTari herri kontsultaren bidez ezetz esan izana, bestela ezin baita okupazio baketsua egin nahi zutenek, manifestariek eta Urbinako herritarrek, adineko pertsonak barne, polizia autonomikoaren eskutik pairatu behar izan zuten tratu mehatxatzaile eta iraingarria ulertu".

Ertzaintzaren jarrera bortitza salatzeaz gain, Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Sailak AHTren aurkako mugimendua "kriminalizatzeko saioan emandako pausu berria" salatu du AHT Gelditu! Elkarlanak. Honen esanetan, "desobedientzia zibila helburu zuen ekimena terrorismotzat hartu eta Madrilgo Auzitegi Nazionalera bidali nahi" izan zituen milaka pertsonen artean atxilotutako zortzi lagunak.

"Ez da lehen aldia izan AHTren aurka protestatzeko egindako ekimen publiko baketsuak terrorismotzat jotzen dutela; hor ditugu, adibidez, Bilbo eta Beasaingo [Gipuzkoa] kasuak. Oraingoan, Auzitegi Nazionaleko Santiago Pedraz epailea izan da Ertzaintzak larunbateko gertaerak oker interpretatu zituela adierazi duena. Argi dago AHTren aldeko argudiorik ezean, poliziaren errepresio bortitza eta instituzioen zigor-errepresioaren alde egin dutela, herritarrak beldurtzeko estrategia zentzugabean sakonduz".

"Lezio bat eman nahi zuten, baina duintasun eta konpromiso lezioa herritarrek eman zuten. AHT Gelditu! Elkarlanak, izaera bateratua duen askotariko mugimenduak, justifikaziorik ez duen eta kostu ekologiko, ekonomiko eta sozial onartezinak dituen makroproiektu eztabaidatu honen inposizioaren aurkako borrokan intentsitate eta irmotasun berdinez jarraituko du", nabarmendu dute AHTren aurkakoek.

Horrexegatik, herritarrak eta AHTren aurkako sektore sozialak "borrokan parte hartzera" deitu dituzte, AHTren aurkako mugimendua sendotu eta euskal geografia osoan zabaltzeko asmoz. Obretara martxak antolatzen jarraituko dutela jakinarazi dute, "herritarrek eskubidea baitute egiten ari direna ikusi eta beren aurkakotasuna adierazteko". "Informazioaren, mobilizazio masiboen eta desobedientziaren bidez, AHTren lanak geldiarazten aritu gara; orain, behin betiko gelditzea lortu behar dugu, azpiegituraren, garraio ereduaren eta gizarte ereduaren inguruko eztabaida sozial, zabal eta parte hartzailea irekitzeko. Geldi daitekeelako, geldituko dugu!".

Horiek hala datozen egunetarako zenbait deialdi egin ditu AHT Gelditu! Elkarlanak:

o Ostiralean, elkarretaratzeaak, proiektuaren sustatzaileen aurrean, herri eta eskualdeetan.

o Larunbatean, Urbinan egon zirenek [email protected] helbidera testigantza grafikoak bidaltzeko deia egin dute.

Gainera, gertaeren inguruko testigantzekin eta material grafikoarekin txosten bat egingo dutela adierazi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.