Ertzaintzak lau gizon atxilotu zituen asteartean, genero indarkeria egotzita. Atxiloketak Gasteizen, Bilbon, Barakaldon (Bizkaia) eta Bergaran (Gipuzkoa) egin zituen. Herrizaingo Sailak adieraziduenez, astearte arratsaldean emakume batek Ertzaintzari deitu zion, Bilboko San Adrian auzoko etxebizitza batean bikotekideak jo zuela salatzeko. Polizia hara joan, eta 39 urteko gizonezko bat atxilotu zuen; emakumea, berriz, Basurtuko Ospitalera eraman zuen. Barakaldon ere beste emakume batek deitu zion Ertzaintzari, eta jakinarazi zion bikotekide ohia labana batekin mehatxatzen ari zitzaiola. Emakumeak salatu zuen lepotik heldu zuela bikotekide ohiak eta heriotz mehatxuak egin zizkiola. Ertzaintzak 34 urteko gizonezkoa atzeman zuen. Herrizaingo Sailaren arabera, aurrekariak ditu atxilotuak 2007ko gertaera batzuengatik.
Gasteizen, bikotekidea jo zuelakoan atxilotu zuten 22 urteko gazte bat. Emakumeak zauriak zituen lepoan, eta Santiago ospitalera eraman zuten. Beste indarkeria kasua Bergaran gertatu zen. 43 urteko gizonezkoa atzeman zuten Osintxu auzoan; bikotekidea mehatxatzea eta jotzea egozten diote atxilotuari.
Bestalde, emakume bat atzeman dute Barakaldon, bikotekide ohiaren etxera gerturatzeagatik; emakumeak urruntze agindua zuen.
Ertzaintzak lau gizonezko atxilotu ditu, genero indarkeria egotzita
Atxiloketak Gasteizen, Bilbon, Barakaldon eta Bergaran egin dituzte; Barakaldon emakume bat ere atzeman dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu