Atxiloketak

Ertzaintzak tiroak bota ditu airera Errenteriako istiluetan, eta bi lagun atxilotu ditu

Atxilotuetako bat, 63 urteko Jose Luis Gurrutxaga, Donostiako Ospitalean dago ertzainek emandako kolpeen ondorioz. Beste zenbait lagun ere zauritu dira, Herrizaingo Sailaren arabera, tartean 9 ertzain. Atzoko sarekadan atxilotutako gazteen senideak eta ezker abertzaleko kideak prentsaurrekoa ematera zihoazenean piztu dira istiluak. Gertatukoari buruzko azalpen kontrajarriak eman dituzte Herrizaingo Sailak eta Askatasunak.

2008ko apirilaren 19a
19:24
Entzun
Istilu handiak gertatu dira gaur Errenterian (Gipuzkoa), atzo Espainiako Poliziak egin zuen sarekadan atxilotutako gazteen senideek eta ezker abertzaleko kideek eman duten prentsaurrekoaren inguruan.

Hamabiak inguruan hasi dira liskarrak. Askatasunaren arabera, atxiloketak salatzeko prentsaurrekoa galaraztera joan dira ertzainak, eta han bildutakoen kontra oldartu dira, oso bortitz, eta bi lagun atxilotu eta hainbat zauritzeaz gain, ertzain batek tiro egin du airera.

Jaurlaritzako Herrizaingo Sailaren arabera, berriz, Gaztaño auzoan Segiren aldeko pankarta bat jartzen ari ziren hiru lagun identifikatzen hasi direnean 50 bat lagun oldartu dira beren kontra. Ertzainetako bat lurrera botatzea eta hesitzea lortu dute, eta orduan egin du tiro airera. Halaber, orduan oldartu dira beste ertzainak jendearen kontra.

Ertzaintzak bi lagun atxilotu ditu istiluetan, 63 urteko Jose Luis Gurrutxaga eta Iñaki Garcia Alkorta. Askatasunak jakinarazi du Gurrutxaga Donostiako Ospitalen ingresatu behar izan dutela ertzainek emandako jipoiaren ondorioz, obserbazioan. Bederatzi ertzain ere zauritu direla agertu du Herrizaingo Sailak.

Halaber, Askatasunak salatu du goiz guztian zehar jendea identifikarazten ibili dela Ertzaintza Errenterian. Zenbaitzuri nortasun agiriak kendu egin dizkietela erantsi du, eta haien bila polizia etxera joateko agindu.

Iskanbila horiek guztiak gertatu arren, prentsaurrekoa egin dute, eta atzo atxilotutako gazteak inkomunikazioaren ondorioz torturatuak izateko arriskuan daudela salatu dute. Ostiralerako borroka eguna antolatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.