Ertzaintzaren sindikatuetako kideekin bilerak egin dituzte gaur Jaurlaritzako Segurtasun Saileko kideek, baina sindikatuak ez dira batere gustura atera haietatik. ErNE sindikatuaren arabera, "erabateko porrota" izan da Jaurlaritzako kideekin izandako bilera. Jaurlaritzak Ertzaintzaren eredu poliziala ez duela aldatu nahi salatu du Roberto Seijo bozeramaileak eta salatu du Brigada Mugikorrean "esklabuen egutegiak" mantendu nahi dituela.
Erandion egin dituzte bilerak, banaka, ErNEko kideekin, Esanekoekin, ELAkoekin eta Euspelekoekin. Brigada Mugikorrari buruzko bilerak izan dira, hura modernizatzeko eta lan baldintzak hobetzeko helburuz. Joan zen astean egindako aurreneko bilera errondaren jarraipena izan dira gaurko bilerak, baina ez dute aurrera egin. Astelehenean berriz biltzekotan geratu dira.
ErNEk Ertzaintzaren atolaketa eta eredu osoa aldatzeko proposamena eman du, baina deskontentu atera dira bileratik, Segurtasun Sailaren ezetza jaso ostean. Antolakuntzan "erabateko kaosa" dagoela uste du sindikatuak.
Antzeko balorazioa egin du Esanek ere, eta Jaurlaritzari egotzi dio "eguneroko arazoak" estali nahian aritzea.
ELA ere ez da pozik atera bileratik, Jaurlaritzak ez duelako konpondu nahi "arazo estrukturala", eta sindikatuaren irudiko, Brigada Mugikorrari buruz bakarrik hitz eginda ez delako arazoa konpontzen. Gainera, Brigada horri buruz egindako proposamena ere ez dela nahikoa uste dute.
Otsailaren 22an Moskuko Spartak taldearen kontra Athleticek jokatu zuen partidaren aurretik izandako istiluetan dute jatorria bilera hauek. Istilu haietan Inocencio Alonso ertzaina hil zen. Ostegunean Marsellako Olympique taldearen kontrako partida jokatuko du Bilboko taldeak, eta han ere istiluak egon daitezkeela uste da. Segurtasun Sailak bihar eman behar du egun horretarako prestatutako dispositiboaren berri.