Politika

Ertzaintzaren azken sarekadan atxilotuek "tortura fisiko eta psikikoak" salatu dituzte

Atzo zortzi Ondarroan, Gizaburuagan, Mutrikun eta Deban atxilotutako bostak zortzi egunez eduki dituzte inkomunikatuta, eta ostegunean atzemandako Urtza Alkorta eta Zunbeltz Bedialaunetan sei egunez. Atxilotuetako bi erietxera eraman behar izan zituzten inkomunikazio aldian. Espetxeratu egin dituzte guztiak ETArekin zerikusia izatea egotzita.

2010eko otsailaren 3a
18:51
Entzun
AAM Amnistiaren Aldeko Mugimenduak zabaldu duenez, Ertzaintzak joan den astean Ondarroan eta inguruetan egindako sarekadan atxilotutakoek inkomunikazio aldian "tortura fisikoak eta psikikoak" jasan dituztela salatu dute. Zehazki, "kolpeak, postura deserosoak, mehatxuak, aluzinazioak eta etengabe presioak" pairatu dituztela. Gutxienez atxilotuetako bi inkomunikatuta egon diren bitartean erietxera eraman behar izan dituztela erantsi dute.

Asteartean Ertzaintzak Ondarroan, Gizaburuagan, Mutrikun eta Deban atxilotutakoak, Ibon Iparragirre, Asier Badiola, Jon Iñaki Esnaola, Xeber Uribe eta Xabier Zubizarreta, Soto del Realgo espetxean daude larunbatetik (Madril, Espainia). Abokatuak eta senideak ezin izan dira eurekin egon inkomunikatuta eman dituzten zortzi egunetan. Tratu txarrak ekiditeko protokoloa aplikatzeari uko egin zion epaileak, eskaria egin zuen abokatua atxilotuk izendatutakoa ez zela argudiatuta.

Urtza Alkorta eta Zunbeltz Bedialauneta ostegunean atxilotutakoen inguruan ere ez da informaziorik egon inkomunikatuta egon diren sei egunetan. Haien abokatuak ere ez du erantzunik jaso auzitegitik, eta atzo deklaratu behar zutela Espainiako berri agentzien bidez jaso zuela azaldu du.

Atxilotuen berri izateko Ertzaintzak senideen esku utzi zuen baliabide bakarra arreta telefono bat izan dela diote abokatuek, eta salatu dute telefono horren bitartez ez dutela informazio zehatzik jaso. Etxebizitzen miaketen lekuko izan ziren hainbat lagunen bitartez abokatuek jakin dute atxilotuak miaketetan ziren bitartean senideek telefonora deitu eta atxilotuak polizia etxean zeudela erantzuten zietela. Halaber, senideek beti erantzun bera jasotzen dutela salatu dute. Atxilotuek medikuaren bisita jaso eta ongi zeudela esaten zieten beti. Ez zieten zehazten zein polizia etxeetan ziren eta noiz eramango zituzten Madrilera.

Olatz Lemak eta Igor Martinek inkomunikatuta jarraitzen dute

Olatz Lema eta Igor Martin Niño atxilotu zituzten atzo, joan den asteko atxilotuekin lotura dutelakoan. Ertzaintzak atxilotu zuen Olatz Lema ondarroarra, Berriatuan (Bizkaia), eta Espainiako Poliziak Igor Martin Niño, Jakan (Espainia). Urtza Alkorta eta Zunbeltz Bedialauneta atxi-lotuekin harremana dutela zabaldu dute informazio agentziek, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Saileko iturriak aipa- tuz.

Alkorta eta Bedialauneta atzo pasatu ziren Espainiako Auzitegi Nazionaletik, eta espetxeratzeko agindu zuen atzo Eloy Velasco Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak. Ertzaintzaren esku bost egun inkomunikatuta eman ostean, epailearen aurretik pasatu ziren atzo, inkomunikazio egoeran. Epailearekin izan ostean, haiei eta joan den astean atxilotutako beste bost lagunei inkomunikazioa kenduko zietela zabaldu zuten Auzitegi Nazionaleko iturriek. Alkorta eta Bedialaunetaren abokatuak, baina, ezin izan ziren atxilotuekin bildu Auzitegi Nazionaleko ziegetan -kazeta hau ixterako orduan Soto del Realgo espetxean zeuden abokatuak-.

Egoera berean daude joan den asteartean atxilotutako beste bost lagunak. Abokatuak ezin izan dira haiekin izan, eta senideek ez dute informaziorik jaso, abokatuek BERRIAri azaldu diote- nez. Haiek ere Ertzaintzaren esku bost egun eman zituzten inkomunikatuta, egoera horretan deklaratu zuten epailearen aurrean eta Soto del Realgo espetxean hala eduki dituzte, gutxienez atzo arte. Besteak beste, sumario sekretua zela argudiatu zuen epaileak.

Astearteko operazioarekin lotu dituzte atzoko espetxeratzeak eta atxiloketak. Erakunde armatuari "etengabeko laguntza" ematea leporatu dio epaileak Alkortari, eta Bedialaunetari ETAkoa izatea. Berri agentziek zabaldutako informazioen arabera, horiek guztiek harremana zuten joan den astean atxilotutako beste bost lagunekin. ETAren talde bat osatzea leporatzen die epaileak haiei. 2008an Ondarroako Ertzaintzaren polizia etxearen aurka eginiko atentatuan parte hartzea egotzi die, besteak beste. Aurreko astean eginiko miaketetan ertzainek 40 kilo lehergai eta bonbak prestatzeko materiala aurkitu zutela zabaldu zuen Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.