Politika

Ertzaintzaren buruzagitzan egingo dituen aldaketek ez dutela oinarri politikorik ziurtatu du Balzak

Javier Balza Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak Ertzaintzaren zuzendaritzan zenbait aldaketa egingo dituela onartu du, baina egunotan zabaldu diren informazioak gezurtatuz, ez dutela oinarri politikorik ziurtatu du; soil-soilik, sailaren funtzionamendua hobetzeko hartu dituela erabaki horiek.

2005eko uztailaren 4a
17:12
Entzun
Ignacio Ormaetxe Ertzaintzako Unitate Kriminaleko zuzendaria kargutik kenduko du Javier Balza Herrizaingo Sailburuak, eta Jon Uriarte Herri Segurtasuneko zuzendariaren esku lagako du ardura hori. Halaber, bi atalak bat egingo ditu.

Zenbait komunikabidek aldaketa hori filtratu zutenetik, erabakiaren oinarrian arrazoi politikoak daudela zabaldu da. Zehazki, PSEra hurbiltzeko keinu bat. Izan ere, Ormaetxe ez da ez PSEren ez PPren gustuko, batik bat, Frantziako Le Monde egunkarian egindako elkarrizketa batean indarkeriaren amaiera ez dela bide polizial hutsetatik iritsiko adierazi zuenetik.

Nolanahi ere, Balzak ukatu egin du erabaki hori arrazoi politikoengatik hartu duenik; aitzitik, sailaren funtzionamendua hobetzeko ahaleginari baino ez diola erantzuten ziurtatu du ETB2ko El Punto saioan: "Egingo ditugun aldaketak 7 urteko esperientziaren ondorio dira, administrazioaren funtzionamendua hobetzeko. Sailaren zein nire konbentzimenduari erantzuten diote, eta sailaren eragingarritasuna hobetzea dute helburu", nabarmendu du. "Gaizki arituko ginateke gure lantaldeak batzuek edo besteek nahi dutenaren arabera antolatuko bagenitu, batez ere, sail honetan, bide bat edo beste bat hartu, inoiz ez ditugulako guztiak aseko".

Era berean, kargutik kanpo geratuko den Ormaetxeri arestian aipatutako adierazpenak tarteko egin zaizkion kritikak ez dituela ulertzen esan du Balzak, finean, Ormaetxek agertu zuena egun Jose Luis Rodriguez Zapateroren Espainiako Gobernuak defenditzen duen gauza bera delako.

Legegintzaldi honetan, ziur aski, presio handiak izango dituztela gaineratu du Balzak, baina horrek ez duela kezkatzen Jaurlaritzako Gobernu berriak helburuak eta norabideak argi dituelako: bakea eta normalizazioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.