Atzo arratsaldean Tabakaleran Turismoaren Mundu Erakundearen (TME) goi-bileraren aurka egindako protestan Ertzaintzak burututako atxiloketen kontrako agerraldia egin dute gaur Alderdi Ederren Bizitza Da Handiena egitasmoko kideek. Egun hauetan egin dituzten protesta baketsuen aurrean poliziaren jarrera “bortitza”, “exajeratua” eta “desproportzionatua” izan dela salatzeko prentsaurrekoa egin dute Eusko Jaurlaritzaren eraikinaren parean. Atzoko gertakariez gain, aste osoan zehar poliziak guztira 16 pertsona identifikatu dituela salatu du Bizitza Da Handienak.
Identifikazio horien atzetik isunak iritsiko direla adierazi dute prentsaurrekoan, eta horiei aurre egiteko diruz laguntzeko prest dauden pertsonen eskura kontu korronte bat jarri dutela adierazi dute. Era berean, Idiakez kalean okupatu duten eraikinean borondatea uzteko kutxak jarri dituzte ere.
Jasandako erasoen aurrean Borroka Sozialen Astearen egitarauarekin berdin jarraituko dutela gehitu dute mugimenduko kideek eta, zentzu horretan, Bizilagunekin plataformak bihar turismo ereduaren aurka deitu duen manifestazioan parte hartzeko deialdia zabaldu dute. Protesta Saguesetik abiatuko da, 18:30ean.
Atzo Donostian hasi zen Turismoaren Mundu Erakundearen (TME) goi bileraren aurkako protestan, jendearengana jo eta bi lagun atxilotu ditu Ertzaintzak Tabakalera parean. Poliziaren presentzia nabarmenarekin eraikin barnean TMEaren harrera festa egiten ari zirelarik, hainbat herritarrek protesta baketsua egin dute Tabakalera inguruan, txistuekin soinua eginez.
Bat-batean, Ertzaintzak ekintza grabatzen ari ziren kazetariak eremutik kanporatu eta jendearengana jo du. Tentsio momentuak bizi izan dira, eta agenteek indarra erabili dute protestan ari zirenen aurka. Jendartetik bi gazte atera eta atxilotu egin ditu Poliziak.
Irudi gehiago Irutxuloko Hitza-n.