Batasuneko zein Askatasuneko buruzagiak —Arnaldo Otegi, Pernando Barrena, Juan Mari Olano eta Jon Enparantza— Igor Angulo presoari omenaldia egin behar zitzaion Santurtziko parkea inguratzen zuten ertzainekin negoziatzen saiatu dira, baina ezezkoa jaso dute behin eta berriz. Ondorioz, inguruetan bildutako jendea Portugalete aldera abiatu da manifestazioan. Bostak aurretik Santurtziko sarrera guztietan kontrolak zeuzkan Ertzaintzak, eta herrikoak ez zirenei ez zin sartzen uzten. Neurri horien bidez, Jaurlaritzako Herrizaingo Sailaren debekua gauzatu nahi izan dute, Igor Angulo eta Roberto Sainz hil berri diren presoen omenezko ekitaldi guztiak galarazi baititu.
Ekitaldi horietan "terrorismoa goraipatuko" dela argudiatuta galarazi ditu Herrizaingo Sailak omenaldi horiekin. Hala azaldu zuen atzo Javier Balza sailburuak ohar baten bidez, eta azalpen bera eman zuen Miren Azkarate Jaurlaritzako bozeramaileak.
Arnaldo Otegi Batasuneko bozeramaileak erantzun zion atzo debeku aginduari, gerta litezkeen istiluen arduraduna Jaurlaritza dela esanez.
Esan bezala, Santurtzin omenaldia egitea galarazi du Ertzaintzak. Hori ikusita, han bildutako milaka lagunak Portutalete aldera abiatu dira, manifestazioan. Izan ere, atzo Aranjuezko kartzelan bihotzekoak jota hil zen Roberto Sainzi hango hilerrian egin behar zioten lehen harrera.
Portugalete arteko bidea lasai antzean egin dute manifestariek, baina herri hartara iristean, Ertzaintzaren sei furgoneta zituzten zain. Gerarazi egin dituzte, eta sakabanatu ezean kargatu egingo zutela egin diete mehatxu. Batasuneko, Askatasuneko eta LABeko buruzagiak berriro negoziatzen saiatu dira, baina emaitzarik gabe. Azkenean, gogor oldartu zaie Ertzaintza manifestariei.
Hala ere, jendeak eutsi egin dio, lurrean eserita-eta. Liskar eta tentsio handiko minutu batzuren ondoren, Joseba Permach Batasuneko buruzagia ertzainen buruzagiekin mintzatu da, manifestazio buruan segurtasun hesia osatu dute batzuek, eta Ertzaintzak atzera egin du. Furgonetetan sartu eta alde egin du leku hartatik.
Ondorioz, Portugaletek hilerrirainoko bidea jarraitu du manifestazioak. Hara iritsitakoan, ertzain ugari zeuden hilerria inguratu eta hesitzen. Ezker abertzaleko buruzagiekin hitzegin dute berriro, eta "ezer egiten ez bazuten" ez zutela kargatuko agertu dute. Nolanahi ere, hilerriko atea itxita eta inguratuta zuten.
Zortzietarako minutu batzuk falta zirela iritsi da Sainzen gorpua. Ertzaintzak egindako hesiaren atzean zegoen jendea, eta hesiaren beste aldera gorpua. Hala ere, minutu batzuz manifestarien aurrean jarri dute gorpua, eta Eusko Gudariak kantatu diote omen gisa. Ondoren, atzeko atera eraman dute hilotza, senideekin batera hilerrira handik sartzeko, eta, bidenabar, jendeari sarrera eragozteko.
Gasteizko atxilotuetatik hiru aske
Atzo Ertzaintza hainbat lekutan oldartu zitzaien Anguloren eta Sainzen heriotzagatik protestan ari zirenei. Istilu larrienak Gasteizen eragin zituen: hiru lagun atxilotu zituzten, eta zortzitik gora zauritu. Manifestazioa, berez, duela 30 urte Espainiako Poliziak egindako sarraskia salatzeko zen, greba orokor egun batean eliza batean batzartuta zeuden bost mila lagunen aurka oldartu, eta bost hil eta ehunka zauritu baitzituen.
Hiru mila lagun inguru batu ziren manifestazioan, eta aste honetan hildako bi presoen argazkiak eta xingola belzdun ikurriña zeramatelako oldartu zitzaien Ertzaintza. Esan bezala, hiru lagun atxilotu zituzten istilu horietan —Andoni Txasko Martxoaren 3ko Biktimen Elkarteko presidentea da bat, eta Josu Ormaetxea preso ohia beste bat—. Hirurak aske utzi dituzte, baina beren aurkako eginbideak irekitzea erabaki dute. Eginbide horietako batzuk "agintariei aurre egiteagatik" eta "desordenengatik" abiatu dituzte. Besteak "terrorismoa goraipatzeagatik".
Goizeko manifestazioan, berriz, beste gazte bat atxilotu zuten. Haren berri zehatzik ez du Askatasunak.
ABk, Aralarrek eta Zutik-ek ere Anguloren eta Sainzen heriotzak salatu dituzte, eta halaber, Ertzaintzak azken orduetan izandako jarrera. Eusko Legebiltzarrean azalpenak eskatuko dizkiote Balzari.
Heriotza espetxean
Ertzaintzaren karga gorabehera, manifestazioa egin dute milaka lagunek Anguloren eta Sainzen heriotzak salatzeko
Jaurlaritzako Herrizaingo Sailaren agindua betez, Igor Angulo preso hil berriari Santurtzi (Bizkaia) jaioterrian egin behar zioten omenaldia indarrez galarazi du Ertzaintzak. Santurtzin omenaldirik ezin ziotela egin ikusita, Portugalete aldera —atzo Aranjuezko espetxean zendu zen Roberto Sainzen herrira— manifestazioan abiatu dira han bildutako milaka lagunak. Portugaletera iritsi direnean, bortitz oldartu zaie ertzaintza, baina eutsi egin diote manifestariek. Azkenean, Portugaleteko hilerriraino iristea lortu dute, manifestazioan. Sainzen gorpua, berriz, zortziak inguruan iritsi da, eta 'Eusko Gudariak' kantatuz hartu du jendeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu