Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ohar batean jakinarazi duenez, ostegun arratsaldean deitu zuten Gurutzetako ospitaletik Ertzaintzara, ohartarazteko psikiatriako paziente bati senda-agiria eman ziotela baina erietxetik joateari uko egiten ziola. Bertara joan ziren ertzainak, eta eskaera judizial bat zuenez, atxilo eraman zuten.
Dituen eskubideak irakurtzen ari zitzaizkiola, mediku batek artatzeko eskatu zuen gazteak; 20:30 aldera eraman zuten Gurutzetako erietxera, eta larrialdi zerbitzuetan artatu zuten. Senda-agiria eman zioten berriro, eta ertzain etxera eraman zuten.
Ertzaintzaren bertsioaren arabera, afaldu eta 01:00 aldera eman zioten erietxeak emandako sendagaia. Gaur, 08:30 aldera, kalabozoak zaintzen dituen poliziak nabaritu du 22 urteko gaztea konorterik gabe zegoela. Anbulantzia bat joan da bertara, eta hura suspertzen saiatu dira larrialdi zerbitzuak. Geroxeago, ordea, hil egin dela baieztatu dute.
Atxilotua zer dela-eta hil den aztertzeko, ikerketa bat abiatu du instrukzio epaileak.
Asteartean, Iruñean
Asteartean, berriz, Espainiako Poliziaren Iruñeko komisarian atxilotuta zegoen gizonezko bat hil zen. Espainiako Poliziak zabaldutako informazioaren arabera, ziegara eramateko zain zegoela hil zen gizonezkoa, ez dakite zer dela eta. Kalabozora eramatekoak zirela, konturatu ziren gizonak ez zuela arnasarik hartzen. Naiz.eus atariak argitaratu duenez, ordea, hainbat lekukok adierazi dute poliziek konorterik gabe eraman zutela atxilo.