Atxiloketak

Ertzaintzaren sarekadan atxilotutako azken bi lagunek ere torturak salatu dituzte

Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren arabera, etengabe kolpatu dutela agertu du Igor Martinek. Olaitz Lemak, berriz, bultzaka ibili dutela eta presio eta mehatxuak jasan dituela adierazi du. Inkomunikazio aldiaren ondoren, biak espetxeratzeko agindua eman zuen atzo Eloy Velasco epaileak.

2010eko otsailaren 6a
12:04
Entzun
Ertzaintzak Ondarroan eta inguruetan egindako sarekadan atxilotutako azken bi lagunek ere inkomunikatuta izan dituzten bitartean torturak eta tratu txarrak jasan dituztela salatu dute beren abokatu eta senitartekoekin harremanetan jartzeko modua izan dutenean. Hala jakinarazi du AAM Amnistiaren Aldeko Mugimenduak.

AAMren arabera, Igor Martinek salatu du etengabe kolpeak eman dizkiotela, batik bat, orkatilan. Izan ere, sei aldiz ebakuntza egin diote gazte horri orkatilan, eta gorputz atal hori bereziki minbera du. Horrez gain, argia piztuta eduki dute beti eta ez diote lo egiten utzi; oihuak egin dizkiote eta mehatxu eta presioak salatu ditu.

Olaitz Lema Martinen bikotekidea da beste atxilotua. Lemak salatu du bultzaka ibili dutela, argitan eduki dutela uneoro, mehatxu eta presioak etengabe pairatu dituela, eta une batean, bozgorailu bat jarri diotela bikotekidearen garraisi eta negarrak entzun zitzan.

Ondarroan, Gizaburuagan, Mutrikun eta Deban aurrera eraman duen operazioan bederatzi lagun atxilotu ditu Ertzaintzak, ETArekin zerikusia izatea egotzita. Hainbatek salatu dute inkomunikatuta izan dituztenean tortura eta tratu txarrak jasan dituztela. Guztiek inkomunikatuta deklaratu dute eta guztiak espetxeratzeko agindu du Espainiako Auzitegi Nazionaleko Eloy Velasco epaileak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.