politika

Ertzaintzaren ustezko torturak salatu zituen abokatua deklaratzera deitu du epaileak

Alfonso Zenonek ekainaren 22an Bilboko epaitegira joan beharko du, inputatu gisa. Rodolfo Ares Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak sartu zuen haren kontrako salaketa.

2010eko ekainaren 7a
16:47
Entzun
Bilboko 3. Instrukzio Epaitegiko epaileak Alfonso Zenon euskal abokatua ekainaren 22rako deklaratzera deitu du, Ertzaintzak urtarrilean eta otsailean Ondarroan eta inguruetan egindako operazioan atxilotuek torturak jasan zituztela esateagatik. Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak Zenonen aurkako salaketa sartu zuen apirilaren 23an, honek helegitea sartu zuen, baina epaileak baztertu egin du hori eta abokatuak inputatu gisa deklaratu beharko du.

Bederatzi lagun atxilotu zituzten polizia operazio hartan, ETArekin harremana zutelakoan. Haietatik lauk tortura salaketak aurkeztu zituzten Durangoko epaitegian: Urtza Alkortak, Zunbeltz Bedialaunetak, Xeber Uribek eta Asier Badiolak.

Durangoko epaitegiko 3. Instrukzio Salako epaileak Alkortaren atxiloaldiako bideo irudiak eskatu zituen. Era berean, inkomunikazio aldian auzitegiko medikuak eginiko txostenak bidaltzeko eskatu zion Arkauteko ertzain etxeko buruari. Inkomunikazio aldian tratu txarrak jaso zituela salatu zuen Alkortak: postura txarretan eduki zutela, kasu. Erietxe batera eraman behar izan zuten.

Uribek salatu zuen galdeketetan burua makurtua edukitzera behartu zutela azaldu zuen. Badiolak, berriz, bi saihets hezur apurtu zizkiotela salatu zuen, eta Bedialaunetak, buruan kolpe asko zituela.

Zenon abokatuak gertakari haiek salatu zituen otsailaren 8an, prentsaurreko batean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.