Manifestazioa egingo dute larunbatean Iruñean, Esako lanak gelditzeko eskatzeko, Esa+Ez, Rio Aragon eta URA elkarteek deituta. Lanek eragindako lur mugimenduak gaitzetsi dituzte antolatzaileek Ebroko Ur Konfederazioaren aurrean egindako agerraldian, eta salatu urtegiko proiektu osoa zalantzan dagoela "okerreko datuetan" oinarritzen delako.
"Lanak gelditzeko eskatuko dugu ezin eutsizkoa delako, bai sozialki eta baita ekonomikoki ere", gaitzetsi du Iker Aramendiak, Esa+Ez plataformako kideak. Bide beretik, Rio Aragon elkarteak salatu du, arriskuen berri izan arren, konfederazioak desjabetzak egiten jarraitzen duela. "Jendeari bere bizibidea kentzen ari dira", adierazi du Luis Solana elkarteko kideak.